Enpresa berriak garatzeko dirulaguntzen programa, martxan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 10a, 00:00

Lanbideren eta Beterri-Buruntzaren eskutik, urriaren 28an hasi eta hiru hilabeteko iraupena izango du. Ekintzaile langabetuei zuzenduta dago.

Martxan da enpresa ideia landu eta enpresa proiektua sortu nahi duten ekintzaile langabetuentzako laguntza programa: urriaren 28an hasi, eta hiru hi­labeteko iraupena izango du. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak jarri du martxan, Beterri-Buruntza Mankomunita­tearen laguntzarekin, eta Astigarragako eta Hernaniko herritarrak hartzen ditu bere baitan, besteak beste.

Programa honekin, ekintzaileak aukera izango du taldeko saio eta bakarkako tutoretzen bitartez bere enpresa ideia landu eta enpresa sortzeko. Bestalde, prozesuan parte hartzeagatik dirulaguntza jasotzeko aukera izango du, eta bi motatakoak izango dira. Alde batetik, enpresa ideia aztertzeko dirulaguntzak: 1.000 eurokoak, laguntza sustatzaile bakoitzeko. Eta, bestetik, enpresa berria sortu eta alta emateko dirulaguntzak: 1.500 euroko laguntza izango da sustatzaile bakoitzeko. Baina, az­ke­neko kasu honetan, ekin­tzaileak Jarduera Ekonomiko­en gaineko Zergan alta eman be­har­ko luke, gehienez hiru hilabeteko epean, laguntza prozesua amaitzen denetik hasita.

Halaber, bi kasuetan laguntza %15 haundituko da, sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30etik beherakoa bada laguntza prozesua hasteko unean; eta bes­te %15, sustatzailea emakumezkoa bada.

Zenbait baldintza, programan parte hartu ahal izateko

Sustatzaileek urriaren 21era ar­­te izango dute aukera enpre­sa ideia berriaren eskaera aurkez­teko, eta azaroaren 6ra arte, jarduera berriaren eskaera aur­­kezteko. Eskaerak aurkeztu behar dira Be­te­rri-Bu­run­tzako Mankomuni­ta­tean bertan (Akarregi Poligonoa 10, Hernanin), edota Mankomunitateko egoitza elektronikoaren bidez: labur.eus/3Crwi

Bestalde, zenbait baldintza betetzea ezinbestekoa izango da programa honetan parte hartzeko. Batetik, langabea izatea, enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, eta aurreko urtean Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda ez egotea, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere. Bestetik, Beterri-Buruntza eskualdeko udalerri batean erroldatua ego­tea. Enpresa ideia bat izatea ere ezinbestekoa izango da. Eta, azkenik, aurreko urteetan gai bereko dirulaguntzarik ez jaso izana, eta esklusiboki prozesu­an parte hartzea eta egotea ere izango dira baldintzak.

Interesa duenak eta eskabide orriak eskuratu nahi dituenak, Beterri-Buruntza Mankomuni­ta­­­­teko Enpresa eta Sustapen Zer­bitzura deitu edo idatzi deza­ke: 943 24 45 23 edo ekintzailetza@beterriburuntza.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!