Gero eta lehenago hasten dira, eta kontsumoa gora dijoa, hori da Hernaniko Udal Prebentzio Zerbitzutik jakinarazi dutena. Egoerak ausnarketa behar duelakoan, Udalak bi kanpaina egin ditu, bata ostalari eta tabernetan, eta bestea zuzenean herritarrekin. Kezka orokorra da, eta kontrolatzea oso zaila dela diote gehienek.
Egoera larriak
Adina gehiegi jaitsi dela diote gehienek eta egoera larriak gero eta sarriago sortzen omen direla: koma etilikoak, liskarrak, eta abar. «Informazio askorik ez daukate, eta gazte garaiko grinak dena probatzera bultzatzen ditu gazteak» diote Prebentzio Zerbitzutik. Koma etiliko batekin bizitza arriskuan jartzen dugu, eta hori jakin beharra daukate gazteek, beste gauza asko bezala.
Nola jakin adin txikikoak direla?
Beste kontu bat da, adin txikiko horiek non lortzen duten edaria edo tabakoa. Hernaniko tabernari gehienek diotenez, oso zaila da kontrolatzea, zein den adin txikikoa eta zein ez. «Batez ere taberna jendez lepo dagoenean». Supermerkatuetan eta dendetan errazagoa dela diote, eta duda kasuan, nortasun agiria eskatzen dutela adierazi dute. Dena dela, adin txikikoek alkohola eta tabakoa eskuratzeko arazorik ez dutela jakinarazi dute ostalari gehienek. «Beste pertsona batek erosten diete, eta kitto; hor ez daukate arazorik».
Bataz beste, 15 urterekin hasten dira alkohola eta tabakoa probatzen
Bataz bestekoa ateratzea ez da oso erreza izaten, baina gutxi gorabeherako batzuk badaudela diote Prebentzio Zerbitzutik. 15 urterekin hasten dira gehienak alkohola eta tabakoa probatzen, eta horrek esan nahi du, asko direla lehenago hasten direnak. Horretan bat datoz ostalariak ere, gero eta gazteago hasten direla diote ia denek.
Zein kalte eragin ditzakete droga horiek gazteengan?
Gorputza garatu gabe dagoen adinetan askoz kaltegarriagoak dira sustantzia horiek guztiak. Alkoholak berak arazo asko eragin ditzake osasunean, «burmuin gazteetan eragiten ditu kalteak, eta gorputz-masa txikia dutenengan». Gazteen gibelak, burmuinak eta pankreak askoz gehiago sufrituko du, Prebentzio Zerbitzuak dioenez. Kolpe batean asko edateak hipokanpoari kalte egiten dio, ikasteko gaitasunari hain zuzen ere. Esan bezala, orokorrean, kalte larriagoak eragin ditzake kolpe batean edaten den alkohol gehiegiak, pixkanaka epe luzean edaten denak baino. Beste drogaren batekin nahastea ere askoz kaltegarriagoa da, eta tripa hutsean edateak ere nabarmen haunditzen du kaltea. Eraginak egunerokoan ikusi daitezke: eskolan errendimendu eskasa, beste pertsonekin erlazionatzeko zailtasunak, jarrera zakarrak, eta abar.
600.000 erretzaile, Erkidego Autonomoan
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban 600.000 erretzaile daude; gehienak egunero erretzen dutenak. Bataz beste 15 zigarro inguru erretzen ditu erretzaile ohizko batek. Orokorrean, Erkidego Autonomoko biztanleen %13,5ek pakete bat edo gehiago erretzen du. Erretzeak, alkoholak bezala, kalte larriagoak eragiten ditu adin txikikoengan, hazitze prozesuan daudelako.
Kanpaina Hernaniko ostalari eta tabernariekin
Hernaniko 80 ostalari eta tabernarirekin hitz egin du Hernaniko Udalak gai honen inguruan. Informazioa eman zaie, arazoari buruz hitz egin da, eta orokorrean erantzun ona izan du sentsibilizazio kanpainak. Gehienek azaldu dute euren kezka, gaia dela eta. Informazioa entzun, kartel informatiboak hartu, eta jarriko dituzte lokal atarietan, bezeroengan eragiteko helburuarekin. Zenbait ostalari eta tabernarik ez dute garbi ikusten modu honetako kanpainek zertarako balio duten. Jendea nahikoa kontzientziatua dagoela, eta beste kezka edo arazo batzuk badaudela adierazi dute batzuk. Eta ez dela ostalarien lana polizi lana egiten aritzea. Orokorrean, denak ados daude kontzientziazio kanpaina beste esparru batzuetan ere egin behar dela, gurasoengan eta heziketa zentroetan adibidez. Drogen eraginak zein diren jakitea behar-beharrezko jo dute, eta informazio hori beste toki batzuetan ere eman behar dela.
Gurasoei ikastaroa, azaroan
Azaroan ikastaroa eskainiko die Prebentzio Zerbitzuak gurasoei, 12-18 urte bitarteko gazteen gurasoei. Urrian zehar apuntatu daiteke, Ongintzako telefonora deituta, eta Izaskunengatik galdetu: 943557854.
San Joanetan alkoholari buruzko informazioa, Gudarien plazan
Ekainaren 25ean, karpa jarri zuen Udalak Gudarien plazan, alkoholari buruzko informazioa emateko. Informazio orokorra eman zitzaien herritarrei alkoholak eragin ditzakeen arazoez, eta bereziki, festa garaian, edan ondorenean gidatzeak eragin ditzakeen arazoei buruz. Alkohol proba egiteko makina ere jarri zuten.
Goizaldeko 00:00etatik 03:00etara 300 pertsonak egin zuten alkohol proba, %66 gizonezkok eta %34 emakumezkok. 20 urtetik beherakoak 191, %66,6. Positibo eman zutenak 171 izan ziren, 117 gizonezko eta 54 emakumezko, eta gehienak 20 urtez azpikoak. Positibo eman zutenetatik %23,3k kotxea hartuko zutela esan zuten.