Gorde ostiral arratsaldea, heltzear baitago Kronikaren aldeko erremonte jaialdia. Punta-puntako zortzi erremontista, Ttarlako haurren dantza emanaldia, herri kirolak, sagardo dastaketa, pintxoak, eta gehiago izango da Kronikako kideok ostiral honetan Galarretako Frontoian antolatu dugun jaialdian.
Aste osoan zehar sarrerak eskuratzeko aukera egongo da Hernaniko Kronikaren bulegoan, baita ostiral arratsaldean Galarretan bertan ere. Bestalde, bailarako zenbait udaletxek ere jaialdirako sarrerak banatuko dituzte, besteak beste, Astigarragak, Goizuetak eta Ereñotzuk. Udaletako sarrera hauek herritarren artean banatuko dira, doan, beraz, informazio gehiago nahi izanez gero udalera deitu edo emailez mezu bat bidali beharko da.
Bailarako kirolariak zuzenean
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da festa, Galarretako aparkalekuan, herri kirolen ikuskizunarekin batera. Bailarako kirolari ezagunek hartuko dute parte, Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Saizar harria jasotzen ariko dira, eta lau harri edukiko dituzte bizkarreratzeko. Aizkolarien kirol ikuskizuna ere izango dugu, eta bitartean, Hernaniko bertsolariak kontu kontari ariko dira giroa animatuz.
Herri kirolen ikuskizunaren ostean hasiko da erremontisten lehen partidua. 18:00ak aldera aterako dira kantxara Urriza eta Zubiri, Segurola eta Juanenearen aurkan lehian aritzeko. 20 tantora iritsita eta bigarren partidua hasi bitartean, Ttarla dantza eskolako haurrek lehenengo emanaldia eskainiko dute kantxan bertan. Eta dantza bukatu bezain pronto hasiko da bigarren partidua, Jabalera eta Barrentxea IV, Aldabe eta Azpirozen aurka. 19:30etan hasiko da finala, baina aurretik Ttarlako haurrek bigarren emanaldi bat eskainiko digute.
Sortzaileen postuak, Galarretan bertan
Iazko egitarauari eutsiz, aurten ere bailarako sortzaileen postuak izango ditugu frontoian bertan. Guztira, hiru sortzaileren produktuak izango dira eskuragarri: Olatz Arizkorretak, 'by olariz' proiektuarekin, bitxiak eta joskintzaren inguruko lanen postua jarriko du; Amaia Kariñenak, 'koloretako mundu berriak' proiektutik, bitxigintza zeramikoa eskainiko du; eta azkenik, Madeleine Izquierdok, joskintzaren inguruko produktuak ekarriko dizkigu, 'Made by Made' proiektuarekin.
Bailarako sagardoa dastatzeko aukera
Gastronomiaz gozatzeko tartea ere izango da. Horretarako Galarretako tabernak irekiko ditugu, eta sagardo dastaketa egiteko aukera ere izango da. Bailarako 22 sagardotegik hartuko dute parte jaialdian: Akarregi, Artola, Gurutzeta, Larre-Gain, Olaizola, Rufino, Alberro, Elorrabi, Gartziategi, Iparragirre, Lizeaga, Otsua-Enea, Zelaia, Altzueta, Elutxeta, Goiko Lastola, Itsas-Buru, Oialume zar, Oyarbide eta Zapiain sagardotegiak. Sarrera erostearekin batera, gogoratu lehenengo sagardo tragoa eta pintxoa doan izango dituzula.
Jaialdirako sarrerak
Erosi al duzu zure sarrera? 14 euroren truke, lortu jaialdirako sarrera, Kronikaren bulegora etorrita, edo egunean bertan, Galarretan. Sarrerarekin batera, edaria eta pintxo bana doan, eta 10 urtetik beherako gazteentzat, sarrera doan izango da. Ez galdu aukera eta etorri jaialdia gurekin ospatzera! Jarri dezagun denok gure aletxoa Kronikaren alde.