Joan den urtean finalista izan ondoren, Ur-Miak ez du nahi bezain ondo hasi Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, gizonezkoetan. Ereñotzuko bolariek galdu egin zuten Ibarran, estreinako jardunaldian: 9,5 puntu lortu zituen etxeko taldeak, eta 6,5 Ur-Miak. Denera, 505 brila bota zituzten Ibarrakoek, eta 469 brila ereñotzuarrek. Mikel Arroio, Aner Miner, Iñaki Miner eta Leandro Miner aritu ziren bertan.
Aurten, multzo berean ariko dira Ur-Mia eta Elur Txori, iazko txapelduna: Beheko B multzoan, Ibarrarekin batera. Beraien artean jokatuko dituzte launa partida, eta bi onenek egingo dute aurrera, finalerdietara, Beheko A multzoko onenen kontra aritzeko. Ostadar, Zarautz eta Ategorrieta daude multzo horretan.
Multzo bakoitzean hiru talde izanik, talde batek atseden hartuko du astero, eta Elur Txoriri egokitu zaio aurreneko jardunaldian. Datorren asteburuan ariko dira hernaniarrak estreinakoz, Ibarraren kontra, Hernanin.
Bailarako aurreneko derbia urriaren 20ko asteburuan izango da, Ereñotzun; eta azaroaren 10ekoan jokatuko dute bueltakoa, Hernanin.
Asteburu horretan bukatuko da ligaxka, eta hurrengoan jokatuko dituzte finalerdiak. Irabazleak azaroaren 23ko finalean ariko dira, Gabiriko bolatokian: beheko multzoetako bi onenak, eta goiko multzoetako biak. Gabiriko hiru talde, Txoritegi, Zerain, Danantzako eta Belatxingak daude goiko taldeetan.
Emakumezkoen txapelketan, berriz, Gabiri, Zerain, Ategorrieta eta Zarautz ariko dira Gipuzkoako Txapelketan, eta bi onenek jokatuko dute finala.