Emaitza bikainak eta garaipen politak pilatzen jarraitzen du Hodei Lujanbio goizuetarrak, mota guztietako lasterketetan. Eta balentria horien artean, koxka gorenetan jartzeko modukoa da joan den asteburuan egin duena: Oletako Mendi Lasterketa irabazi zuen larunbatean, eta Orreaga-Zubiri maratoi erdia igandean.
Oso lehia estua izan zuen larunbatean Oletan, Pascal Saint Pierrekin, 11 kilometroko ibilbidean. Azkeneko metroetan erabaki zen garaipena, eta sei segunduren tartearekin nagusitu zen goizuetarra (53:15). Igandekoa ez zen makalagoa izan. 1:19:44 denboran osatu zuen 21 kilometro pasatxoko ibilbidea, Santiago Bidean barrena; kilometro bakoitza 3:47an, batazbeste. Bi minutu baino gehiagoko tartea izan zuen Jon Ridruejo bigarrenarekin (1:22:01), eta hiru minutu eta erdikoa Asier Gutiérrez hirugarrenarekin (1:24:12).
Proba horretan, Urumea bailarako beste lau korrikalarik ere lortu zuten helmugara iristea: Oier Albo (1:46:44), Pablo Santamaría (2:18:35) eta Arkaitz Elizegi (2:24:03) hernaniarrek, eta Igor Sánchez astigartarrak (2:01:28).
Xanti Uranga laugarren, Zumaiako Flysch Trailen
Beste lasterketarik ere jokatu da asteburuan, eta maila ederrean aritu dira bailarakoak. Zumaiako Flysch Trailen, esaterako, laugarren sailkatu zen Xanti Uranga hernaniarra, 23 kilometroko proba luzean. 1:58:25 denboran osatu zuen ibilbidea, eta bi minutu eta erdira izan zuen hirugarrena, Unai Fernandez eibartarra. Proba berean, 13garren izan zen Aitor Aizkorbe goizuetarra (2:02:25).