Ahazteko modukoa izan da asteburua, Mundarroren senior mailako saskibaloi taldeentzat: porrota jaso dute hiru taldeek. Lehenengo mailako neskek kolpe gogorra jaso zuten Donostian, Digitarte Hoops taldearen kontra. 20-5 hasi ziren galtzen aurreneko laurdenean, eta 46-14 iritsi ziren atsedenaldira. Hobeto aritu ziren bigarren zatian, baina gerturatzeko aukerarik gabe, eta 74-37 galdu zuten azkenean.
Lehenengo mailako mutilak, berriz, bukaerara arte izan ziren garaipenaren lehian, Bosteko Irauliren kantxan: luzapenean galdu zuten partidua (65-62), azkeneko laurdenean berdintzea lortu ondoren. Nahiko parekatua izan zen lehia, baina hirugarren laurdena bukatzerako, zazpi punturen aldea lortu zuten donostiarrek (37-30). Baina erasoan erakustaldia eman zuten astigartarrek azkeneko 10 minutuetan, eta aurretik ere izan ziren markagailuan (54-56 eta 56-58), 0-14ko partzial bati esker. Azkenean, bi jaurtiketa librerekin berdindu zuen Bosteko Iraulik, eta gehiago asmatu zuen luzapenean.
Eta talde astigartarren asteburu beltza osatzeko, 47-77 galdu zuten bigarren mailako mutilek, etxean, Aldapeta Maria ikastetxearen kontra.
Maila horretan lortu du asteburuko garaipen bakarra Hernanik. Estreinakoz jokatu zuen etxean, larunbat arratsaldean; eta 78-77 nagusitu zen, partidu ikusgarrian, Antigua Luberriren kontra. Donostiarrek tartetxoa lortu zuten hasieran (19-25), baina ez zuten ihes egiterik lortu, eta pixkanaka tartea jan zuen Hernanik. 58-60 iritsi ziren azkeneko laurdenera, eta tentsio haundikoak izan ziren azkeneko 10 minutu horiek. Sei punturen aldea lortu zuen Antigua Luberrik hasieran, baina lehia parekatu zuen Hernanik berriro, eta 72-71 aurreratu zen lehenengoz. Eta Badiola hernaniarra izan zen protagonista nagusia, bukaeran: 74-77 galtzen ari zirela, hiruko batekin berdindu zuen partidua, eta jaurtiketa libre bat sartuta eman zion garaipena taldeari.