Larunbatean jaso zuen aurreneko porrota Hernanik, nesken Euskal Ligan. Kolpe gogorra jaso zuten berdeek, gainera: lidertza zeukaten jokoan Zubipen, Basauriko Kimuak taldearen kontra; eta 0-5 galdu zuten.
Erronka zaila zeukaten hernaniarrek, ligako liderraren aurrean; eta ezin izan zieten aurre egin bizkaitarrei. Erasoan bere jokoa landu ezinik aritu zen Hernani, eta defentsan zailtasun haundiak izan zituzten Basauriren arriskua eteteko. Berdinduta izan ziren aurreneko ordu erdian, baina lehenengo zatiaren azkeneko ordu laurdenean, hiru gol jaso zituzten berdeek. Bigarren zatia ez zen hobeto hasi hernaniarrentzat, eta berehala lortu zuen laugarren gola kanpoko taldeak, markagailuari buelta emateko esperantza zapuztuz.
Ez zituen albiste hobeak ekarri Hernaniko mutilen talde nagusiak, Irundik. Real Unionen kontra jokatu zuen Ohorezko Erregional Mailako partidua, eta 2-0 galdu zuen. Haientzat ere, lehenengo zatiaren bukaera izan zen une kritikoa: 35garren eta 43garren minutuetan lortu zituzten bi golak irundarrek. Bigarren zatian, gogotik saiatu ziren hernaniarrak, gutxienez puntu bat berreskuratu nahian; baina ez zuten asmatu Real Unionen atearen aurrean.
Mundarrok berdinketa etxean, Ostadarren kontra
Ezin izan zuen garaipenik lortu Mundarrok ere, mutilen erregional preferentean. Aurreko bi partiduetan bezalaxe, berdindu egin zuten astigartarrek, Ostadarren kontra, etxean (0-0).