Neurria ondo baino hobeto hartua dio Iker Salaberriak, lau t'erdikoari. San Fermin torneoan sekulako mailan aritu ondoren, Lau t'erdiko Txapelketa nagusian berretsi du bere abilezia, eta final zortzirenetara sailkatu da, Darío Gómez ezkaraitarra menderatuta. Errioxarraren etxean nagusitu zen, gainera: Ezkarain jokatu zuten larunbatean, eta 22-16 irabazi zuen goizuetarrak.
Darío izan zen nagusi hasieran, dena den. Ezkaraitarrak tartea lortu zuen markagailuan, eta 12-6 aurretik iritsi zen aurreneko atsedenaldi luzera. Hortik aurrera, ordea, askoz ere sendoago aritu zen Salaberria: kontrarioa mugitzen asmatu zuen, eta baita sakearekin eta errematearekin ere. 16-4ko partzialarekin lortu zuen garaipena.
Orain, Unai Lasoren kontra ariko da final zortzirenetan, datorren larunbatean Bilbon. Irabazlea final laurdenetako ligaxkara sailkatuko da.
Garaipen garrantzitsua,
Gurutzealdek eta Lizeagak
Gipuzkoako Binakako Txapelketan, bestalde, garaipen garrantzitsua lortu zuten Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarrek, nagusien lehenengo mailan. 20-22 nagusitu ziren Orion, Ospeleko Aranalderen eta Orbegozoren kontra; eta lider jarri dira, jokatutako partidu guztiak irabazita. Ohorezko mailan, ordea, porrota jaso zuten Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek, Azpeitin, Ilunpeko Egigurenen eta Labakaren kontra (22-14). Edonola ere, multzoko buru jarraitzen dute, eta datorren asteburuan jokatuko dute aurreneko postua, Intxurreren kontra.
Gainerakoan ere, asteburu gogorra izan da Hernaniko esku pelotarientzat, Gipuzkoakoan: denera bederatzi partidu jokatu dituzte, eta garaipen bakarra lortu dute. Ekhi Oses eta Lier Zugasti kadeteek irabazi zuten, lehenengo mailan, Behar Zanako Caballeroren eta Otaegiren kontra (22-14).