Martxan da San Markoseko zabortegia behin betiko ixteko obren azkeneko fasea

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 6a, 00:00

Xabier Urdangarin Astigarragako alkatea (eskuinean), San Marko Mankomunitateko eta Donostiako eta Errenteriako udaletako ordezkariekin, agerraldian.

Urte eta erdiko iraupena izango dute obrek, eta bukaera emango diote zabortegia berreskuratu, itxi eta zigilatzeko obra proiektuari.

Dagoeneko hasi dute obren azkeneko fasea, San Markoseko za­bortegia behin betiko ixteko. Ho­­rren berri emateko agerraldia egin dute aste honetan Eñaut Gracia San Marko Mankomuni­tateko presidenteak, Xabier Urdangarin Astigarragako alkate­ak, eta zabortegia kokatuta da­­­­goen beste bi udalerrietako ordezkariek (Errenteria eta Donostia). Azaldu dutenez, urte eta erdiko iraupena izango dute obrek, eta horiekin, bukaera emango zaio zabortegia berreskuratu, itxi eta zigilatzeko proiektuari.

2004an abiatu zuten proiektua, zabortegiko eremu beteak berreskuratu eta ixteko obrekin. «Hainbat fasetan burutu da proiektua, eta eragin haundia izan du, batez ere usainen eta kamioien joan-etorrien ondorioz. Eragin hori bereziki nabaritu da Errenteriako Beraun inguruan, baina baita Astigarragan eta Donostian ere. Zentzu horretan, azken urratsa emango dugu auzotarren aldarrikapen historiko bat betetzeko», azaldu dute.

San Markoseko zabortegiak 2008an utzi zuen bertan behera hondakinen isurketa, erakunde arteko akordio baten ondorioz. Ordura arte, zabortegiaren jarduera hasi zenetik, 3 milioi tonakoa izan zen hondakinen kopuru totala, gutxi gorabehera. 70eko hamarkadatik 1988ra arte, Pasaiak, Errenteriak, Lezok eta Oiartzunek osatutako mankomunitateak erabili zuen zabortegia. Hortik aurrera, egokitzapen eta haunditze obra batzuk eginda, Donostia, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnieta ere hasi ziren zabortegia erabiltzen.

Obren aurreneko faseak 19 hilabeteko iraupena izan zuen, eta 2013ko azarotik 2014ko abendura bitartean burutu zuten bigarren fasea. Orain abiatu dutena da hirugarrena eta azkena.

Behin obrak bukatuta, zabortegia itxi eta 30 urteko zaintza aldi bati emango diote hasiera, ingurumen kontrola egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!