Etxean jokatuko du Hernanik, eta kanpoan Mundarroko bi taldeek

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 5a, 00:00

Ondo hasi dute denboraldia bailarako hiru talde nagusiek.

Hirugarren jardunaldia izango da Mundarroko gizonezkoen taldearentzat, eta bigarrena Mundarroko emakumezkoen taldearentzat eta Hernanirentzat.

 

Denboraldiko hirugarren partidua jokatuko dute gaur arratsaldean bailarako hiru saskibaloi talde nagusiek. Emaitza txukunekin hasi dute liga, eta bolada onari jarraipena emateko asmoz aterako dira kantxara. 

Mundarroko gizonezkoen lehenengo taldeak lehenengo bi partiduak irabaztea lortu du, eta hirugarren garaipenaren bila joango da gaur Paco Yoldira. Lehenengoan markagailua irauli eta juxtu irabaztea lortu zuten (68-67), baina bigarrenean nagusitasunez gailendu ziren (49-84).  Mundarroren aurkaria Bosteko Irauli taldea izango da; sailkapeneko laugarren postuan daude orain, jokatutako bi partiduak irabazita. Oraingoz nahiko desorekatua dago Gipuzkoako 1go mailako sailkapena; izan ere, lau taldek irabazi dituzte lehenengo bi partiduak, eta beste lauk galdu.

Emakumezkoen ligan orekatuagoa dago guztia. Mundarrok oraingoz jokatu duen partidua irabaztea lortu du, eta sailkapenaren azpialdeko Digiarte Hoops taldearen aurka jokatuko du gaur, 15:30etan, Altzan. Moreentzat garrantzitsua da lehenengo partiduetan garaipenak pilatzea, faseko partidu erabakigarrietara aukerekin iristeko.

 

Etxean arituko da Hernani

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Hernaniren eta Luberriren arteko partidua. Lehenengo jardunaldian irabazi ondoren, konfiantzaz gainezka ekingo diote hernaniarrek. Luberrik ere garaipena eskuratu zuen pasa den asteburuan, eta norgehiagoka gogorra izatea espero da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!