Mika Erdocia infantilak Zorroagako Belaunaldi Arteko krossa irabazi du

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 5a, 00:00

Zorroagan parte hartu zuten CD Hernaniko lasterkari gazteak.

Peru Zuza eta Uxue Rodriguez bigarren izan ziren infantiletan. Eva eta Idoia Esnaola podiumera igo ziren.

Pasa den igandean, Donostiako Zorroaga egoitzako lorategietan XVI. «Belaunaldi Arteko Zorroaga Fundazioa» krossaren edizioa jokatu zen. Klubeko atletetako batzuk podiumera igotzea lortu zuten eta garaipen bat ere lortu zuten atleta hernaniarrek.

Infantil mutiletan, lehen postuan sailkatu zen Mika Erdocia eta bigarrenean, Peru Zuza. Infantil nesketan Uxue Rodriguez izan zen bigarren.

55 urtetik gorakoetan, Eva Esnaolak ere podiumeko bigarren postura igotzea lortu zuen eta bere ahizpa, Idoia Esnaola, hirugarren sailkatu zen.  

 

Bihar izango da Donostiako Maratoi Erdia

Urriarekin batera Donostian hainbat lasterketa antolatzen dira eta lehendabizikoa bihar izango da. Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu: 3.000. Euskal Herritik ez ezik, Espainiako Estatuko hainbat lekutatik iritsitako korrikalari ugarik hartuko dute parte, eta parte hartzaileen %35 emakumezkoak izango dira. 09:30ean abiatuko da lasterketa Alderdi Ederretik, eta leku berean egongo da helmuga. Zuzenean jarraitu ahal izango da, probaren webgunearen bidez.

Donostia Kirolak nabarmendu du «atletismoaren festa herrikoia» izango dela proba, eta, era berean, goi mailako atletek ere hartuko dutela parte: «21,097 kilometroko proba lau honetan, besteak beste, Fernando Carro madrildarra edo Meritxell Soler kataluniarra arituko dira, biak maratoi erdiko Espainiako txapeldunak, zaleen gozamenerako».

3.000 parte hartzaileen artean ez dira faltako bailarako korrikalariak. Guztira 27k eman dute izena. 16 hernaniarrek eta 11 astigartarrek.

 

Behobia-Donostia lasterketak kamisetak aurkeztu ditu

Behobia-Donostia lasterketak 59garren edizioko kamisetak aurkeztu zituen atzo. Kamisetek emakumezko zein gizonezko patroiak izango dituzte, eta cool-skin teknologiaz eginda daude. Elastikotasun haundiko materialarekin ere eginak dira. Material horrek, izerdia azkar lehortu eta hezetasunik ez egoteaz gain, arintasuna eta leuntasuna ematen ditu. Gainera, flatlock jostura lauen akabera du, kirola egiten den bitartean marruskadurak minimizatzen ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!