Gaur arratsaldean jokatuko dute Hernaniko bi futbol talde nagusiek, eta bihar arte itxaron beharko du Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 5a, 00:00

Elene Lujanbio hernaniarra denboraldiko lehenengo partiduan.

Euskal Ligako neskek Zubipen jokatuko dute, 17:30etan, Basauriko Kimuak taldearen aurka. Gizonezkoen taldea, berriz, Irunen arituko da, Real Unionen kontra. Mundarrok etxean jasoko du Ostadarren bisita.  

Jardunaldi gogorra dute aurretik bailarako futbol talde nagusiek. Gaur bertan jokatuko dute Hernaniko Euskal Ligako nesken eta Ohorezko Erregionaleko mutilen taldeek, eta bihar arratsaldean arituko dira Mundarroko mutilak. 

Euskal Ligako 5. jardunaldia izango da gaurkoa, eta Hernanik Basauriko Kimuen bisita jasoko du Zubipen, arratsaldeko 17:30etan. Mikel Manzisidorrek zuzendutako taldeak sasoi onean hasi du denboraldia, hiru garaipen eta berdinketa bat eskuratu ditu orain arte, eta gaurkoa izango da bolada ona ziurtatzeko froga zailena. 

Izan ere, Basauriko Kimuak taldea da kategoriako liderra. Orain arte jokatutako partidu guztiak irabazi ditu, eta pasa den asteburuan 4-0 irabaztetik dator Zubipera. Iazko denboraldiko emaitzei erreparatuta, ordea, argi geratzen da Hernanik irabazteko aukerak dituela, bi partiduetan lortu baitzuen bizkaitarren kontra gailentzea. 

Ohorezko Erregional mailako mutilek etxetik kanpo jokatuko dute ligako 4. jardunaldia. Taldeak zalantza batzuekin hasi du denboraldia, eta oraingoz ez du desio duen jarraikortasuna eskuratu (garaipen 1, berdinketa 1 eta porrot 1). Gaurkoan Real Union izango da Hernaniren aurkaria, eta etxetik kanpo lehenengo garaipena lortzeko asmoz joango da taldea Gal zelaira. 

Irundarrek ere ez dute emaitza onik lortu lehenengo hiru partiduetan, eta azken jardunaldian 0-0 berdintzetik datoz.   

Mundarroren txanda, bihar

Bihar arratsaldean jokatuko du Zarkumendegin Mundarroko Gorengo mailako taldeak. Astigartarrek bi berdinketa lortu dituzte lehenengo jardunaldietan, eta etxean puntuak pilatzen hasteko nahia adierazi dute.

Horretarako, ezinbestekoa izango da bihar partidu ona egitea. Ostadar liderraren bisita jasoko du Mundarrok, eta orain arte jokatutako norgehiagoka exigenteena izango da. Lasarteko taldeak lehenengo bi partiduak nagusitasunez irabaztea lortu du (0-3;1-0), eta bolada onari eusteko helburuarekin iritsiko da Astigarragara. 

Partidua arratsaldeko 16:30etan hasiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!