Palestinaren alde, kontzentrazioa Institutuan eta manifestazioa Bilbon

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 00:00

Palestinarekin Elkartasuna taldeko kideak, manifestazioa deitzeko agerraldian.

Bihar 11:15etan egingo dute kontzentrazioa Hernaniko Institutuan, Ikasle Abertzaleakek deituta; eta larunbatean manifestazioa Bilbon.

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, manifestazio na­zionala izango da igande honetan Bilbon, eguerdiko 12:00etan Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Bat egiteko deia luzatu diete herritarrei, Palestinaren erresis­tentzia babestu eta Israeli eta bere konplizeei aurre egiteko.

Manifestazio horren atari­an, beste deialdi bat egin du Buruntzaldeko Ikasle Abertzaleak taldeak, bihar goizerako: kontzentrazioa egingo dute Hernaniko Institutuko jolastokian, goizeko 11:15etan. «Ikasleok, orain arte bezala, jarraitu behar dugu Israel terroristaren aurka mobilizatzen, eta horregatik bilduko gara bihar goizean; Palestinaren askatasuna defendatu eta Israelen suntsipena aldarrikatzeko», adierazi dute.

Izan ere, nabarmendu dute «gutxienez 50.000 palestinar erail» dituztela Gazako Zerrendan, eta dagoeneko «zenbaezinak» direla desagertu, atxilotu eta kanporatutakoak. «Laster be­teko da urtebete sionistek azken oldarraldiari ekin ziotenetik, eta genozidioa amaieratik urrun dagoela dirudi». Gainera, Ikas­le Abertzaleak taldetik aipatu di­tuzte «Hezkuntzari lotuta­ko da­tu lazgarriak. Israelgo estatu­ak 10.000 ikasle palestinar baino ge­hiago erail ditu, eta 500 irakasle baino gehiago. Gazan ikastetxeen %90 erasotu dituzte, eta ikastetxeen %85 suntsitu. Azkeneko urtean, 477 eskola erasotu edo suntsitu dituzte Gazan».

Horregatik guztiagatik, Palestinaren alde eta Israelen kontra mobilizatzera deitu dituzte ikasleak: «Palestina inoiz aske izango bada, hori Israelen desegitearekin lortuko da».

Biharko kontzentraziorako ez ezik, larunbateko manifestazio­arekin bat egin eta Bilbora joateko deia ere luzatu du Ikasle Abertzaleak taldeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!