«Elkartu eta oposizioa antolatzeko» deia, Pagoagako eta Mandoegiko proiektu eolikoen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 00:00

Txosten mardula osatu du Mikel Alvarez Forcada herritarrak, mendi inguru horretan eraiki nahi dituzten makroproiektu eolikoen inguruan; eta interesa duten guztien eskura jarri du interneten: 'hernaniarano.wordpress.com'.

Maiatzaren 23an argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, Enigma Green Power 26 S.L.U. enpresak baimena eskatu zuela parke eoliko bat eraikitzeko, Ereñotzuko Pagoaga bailaran, Aranoko mugatik gertu.

Ordutik, ezer gutxi jakin da horren inguruan, baina gaia sakon landu nahi izan du Mikel Alvarez Forcada herritarrak. Txosten mardula osatu du, «Hernani eta Arano inguruan planteatutako makroproiektu eolikoen aurka». Bertan, «azterketa informatiboa eta kritikoa» jaso du Alvarezek; ez soilik Pagoagako proiektu eolikoari buruz, baita Mandoegi ingururako planteatu dutenari buruz ere: «Udan zehar baieztatu da, Mandoegiko eta Aranoko mendi inguruetan 99 MW potentziako makroproiektu bat bultzatzen ari dela Repsol enpresa», Aranoko, Goizuetako, Hernaniko eta Berastegiko mendi lurretan kokatuko litzatekeena.

Bigarren horren harira, Alvarezek azaldu du «Estatuaren eskumenekoa» izango litzatekeela tramitazioa, «bere dimentsioagatik eta bi autonomia erkidegori eragiteagatik». Dirudienez, proiektu hori litzateke Sustrai Fundazioak 2023ko apirilean salatu zuena, eta hura sustatu zuen kontsultora, FE Energy izenekoa, Aranoko udaletxean izan zen uztailean, proiektua aurkezteko. Aurreneko kontaktu horietan, kontrako jarrera erakutsi du Udalak, eta plataforma bat ere antolatu da herrian, proiektua gauzatzea saihestu nahian.
 

Txostena interneten eskuragarri, eta ekarpenak egiteko gonbitea

Landutako txostena eskuragarri jarri du Alvarezek interneten, hernaniarano.wordpress.com webgunean. Eta horren bitar­tez, deia luzatu du «herritar, talde eta elkarte guztien artean gaia aztertu eta informazioa trukatzeko. Aranon dagoeneko mugitzen ari da jendea, baina ezinbestekoa da Nafarroako eta Gipuzkoako zonalde honetako talde eta pertsona interesatu guztien artean elkartzea, informazio lana eta oposizioa antolatzeko. Are gehiago, kontuan hartuta egitasmo hau litzatekeela egun Euskal Herrian planteatzen den azpiegitura haundiena», dio Mikel Alvarezek.

Egileak argitu du, «pertsona batek bere kabuz landutako ekarpena» dela txostena, eta berarekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu die herritarrei, «edozein proposamen egiteko edota informazioa trukatzeko». Horretarako, bi bide eman ditu: 695 715 510 telefonora deitzea, edota mikeltxikizio2@gmail.com hel­bidera idaztea. Era berean, dokumentua ingurukoen artean zabaltzea ere eskatu du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!