Kanarietara oporretan joan den lagun batek aurrekoan WhatsApp taldean bideo bat bidali zigun: patera bat grabatu zuen, hondartzaren ertzean abandonatuta. “Atzo etorri omen dira, eta den-dena utzi dute dagoen bezalaxe”. Irudietan, zira batzuk, plastikozko kutxak, motorra erdian. “Egindako bidaiarekin, oraindik geratzen zaiena...” pentsatu dut. Auskalo non bukatuko diren, Iberiar Penintsularraren bazter batean, Europako hiri gris batean edo Euskal Herrian. Bai, Euskal Herria harrera herri bilakatu dela ez da sekretua, eta Euskal Herriko hiri eta herri askoren panoramaren parte dira errefuxiatu eta migratzaile komunitateak. Batzuendako, arazo bat omen da: duela gutxi ateratako egunkari baten artikulua bat bururatzen zait, etorkinen presentziak Iruñeko Alde Zaharreko kale batean segurtasun falta eragiten zuela zioena – clickbaiten atzean, irakurleak artikuluaren erdiraino heldu behar zen konturatzeko ez zegoela inongo proba edota gertakaririk hau baieztatzeko. Sentsazionalismo hutsa, alegia. Kontua da iritzi arrazistak sinesten dituen publikoa aldatzen denean arriskutsua bilaka daiteke: betiko erreakzionarioak beti egon dira, eta akaso ez zaigu interesatzen haiekin eztabaidatzea. Aldiz, harrigarria egiten zait ezagunak (eta batzuetan lagunak) hurrena esaten entzuteak: “Hona etortzen dira eta ez dira integratzen. Euskara ez dute ikasten, eta horrela egiten du gora erdaldunen kopuruak”. Alea jacta est: erruduna bada.
Pare bat gauza: Nafarroako Estatistika Institutua Nastat-en arabera, 2024ko maiatzean argitaratutako datuen arabera, 3 urte edo gehiagoko biztanleen %26,7k euskaraz pixka bat daki (hau da, biztanleria euskalduna %15,1 da eta biztanle euskaldun “hartzailea” %11,6). Alabaina, migratzaileen portzentajea askoz baxuagoa da probintzian (demagun migrante guziek ez dakitela euskaraz, aurreikuspen okerrenak hartuz). Lupa atera dezagun: Nafarroako eremu euskaldunean jaiotako pertsonen % 74,3 euskaldunak dira, eta eremu ez-euskaldunean jaiotakoen % 2,9. Eta badakigu zein helduleku hartu ohi dute atzerritar komunitateek. Globalizazioa deituriko prozesu hartan, migrazioa saihestezina da, eta etorkinak euskararen normalizazio-prozesutik kanpo ezin direla utzi – aipa dezagun berehala ezin direla gehiago “etorkin” deituko, bigarren belaunaldia Nafarroan bertan jaioko baitira.
Lanean hasi berri naizen ikastetxea hizkuntz zentroa da, eta unibertsitateko ikasleek ingelesa, frantsesa eta alemaniera ikasteko aukera dute. A! eta... gaztelania kanpotarrendako. Euskara ez (ezta bertakoendako, gehien-gehienak nafarrak eta erdaldunak direnak). Nire ezagun batzuen entzundakoak batzuetan asmo onez diruditen diskurtsoak dira, baina era berean autoritarioak eta atzerakoiak dira. Etorkinak gure kulturan “integratu” behar direla eta idealtzat ezartzen den euskal herrizaletasun profilari erantzun behar diotela esaten dutenak dira. Eta ez, integratzeko, ez gara ari Euskal Herriko berezko hizkuntza, euskara, ezagutzeaz eta erabiltzeaz, lurralde honetan bizi den mundu guztiak hitz egin beharko bailuke. Integrazioaren ideiaz ari gara, euskal herritasunaren esentziak irudikatuko lituzkeen identitate baten bermatzailetzat jotzen diren imajinarioei lotutako kultura-praktika jakin batzuk hartzearekin lotutako ideiaz. Zertara integratu behar dira ba? Ikastetxe ia guztietan erdera ezarrita baita. Frantsesez diogun bezalaxe, “arbolak oihana ezkutatzen du”.
Pozten naiz ikusten dudanean Nafarroako D ereduan matrikulatzeko kanpainan haur beltz bat, errepresentazioa garrantzitsua baita. Pozten naiz ikusten dudanean AEKko Korrika tresna izan dela Irun eta Hendaia artean migratzaile batzuk pasatzeko, euskararen izenean. Pozten naiz jasotzen ditugunean D ereduan matrikulatzeko esku-paperak udaletxeetatik hamar hizkuntzetara itzulpenak egiteko, arabieraz eta errumanieraz, besteak beste.
Beraz, etorkinak “gure kulturaren” edo “gure hizkuntzaren” atzerakadaren arazoaren iturri gisa aurkeztea, baita ustezko ezkerreko jarreretatik ere, kriminalizazio ariketa bat da, etorkinak harrera gizartera hurbiltze arinago baten aukeratik urruntzen dituena. Integrazioa akaso lehenago izan behar da euskara denona izatea.