Hernaniko hirugarren bertsolari batek ziurtatu du final laurdenetara pasea, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan: bigarren izan zen Eñaut Martikorena igandean Andoainen, 462 punturekin, eta matematikoki sailkatuta dago, Andoni Rekondo eta Eli Pagola bezalaxe.
Andoni Mujika 'Anatx'ek, aldiz, final zortzirenetako azkeneko saioaren zain geratu beharko du, aurrera egingo duen jakiteko. Hirugarren izan zen Andoainen, 450 punturekin; eta une honetan 21garren dago sailkapen nagusian. Hori horrela, beharko du hiru bertsolarik edo gutxiagok gainditzea bere puntuazioa, Azpeitiko azkeneko saio horretan. Izan ere, 24 bertsolari sailkatuko dira final laurdenetara.
Saio polita izan zen Andoaingoa, puntuazioak beste batzuetan baino bajuagoak izan arren; eta maila onean aritu ziren bailarako biak. Aitor Salegi zestoarrak irabazi zuen, 470 punturekin; baina Martikorenarenak izan ziren ateraldi distiratsuenak, bereziki hamarreko txikian, Manex Mujikarekin batera. Ale politak utzi zituen zortziko haundian eta bakarkako lanean ere.
Oso saio ona osatu zuen 'Anatx'ek ere, baina bakarkako lanean egindako poto batek jaitsi zion puntuazioa. Zortziko haundian ondo ekin zion kanporaketari; zortziko txikian ofizio bizi-bizia osatu zuen Eñautekin; eta ariketa polita egin zuen hamarreko txikian ere, baserritarraren paperetik.
Orain, esan bezala, hiru koxkako marjena dauka azkeneko saioaren faltan, final laurdenetara sailkatzeko. Bi puntu gehiago lortu izan balitu, dagoeneko ziurtatuta izango zuen pasea.
Hernaniko Bertso Eskolako beste kide bat izango da fase honetako azkeneko saio horretan, larunbat arratsaldean Azpeitian: Asier Azpiroz zubietarra. Honako boskotea izango du lagun 'Azpi'k: Aitor Tatiegi, German Urteaga, Haizea Arana, Maialen Akizu eta Maider Arregi.
Sei laguneko bost saio, final laurdenetan
Azpeitiko saioa bukatutakoan, zehaztuta geratuko dira final laurdenetako bost saioak, eta fase berriko 30 bertsolariak; saio bakoitzean sei. Orduan sartuko dira lehian Hernaniko Bertso Eskolako beste hiru kide ere: Agin Laburu astigartarra Eibarren (urriak 19); Beñat Gaztelumendi añorgarra Errenterian (urriak 20); eta Nerea Elustondo legazpiarra Tolosan (azaroak 3).
Elustondoren saio berean ariko da Andoni Rekondo. Eli Pagolak, aldiz, Azkoitian abestuko du, urriaren 26an. Eñaut Martikorenak datorren igandean jakingo du bere hurrengo eszenatokia, eta baita 'Anatx'ek eta 'Azpi'k ere, pasea lortuz gero.