Zur eta lur utzi zituen ikusleak, Fuenmayorren, Eñaut Lizeaga astigartarrak DV Torneoko lehendabiziko partiduan. Aratz Oliden oriotarrarekin batera, 22-12 garaitu zituzten Fermin Arribillaga eta Ander Garmendia.
Aurten 20 urte beteko dituen aurrelari astigartarra izan zen protagonista nagusia eta erakustaldia eskaini zuen Errioxako herrian. Kolpe indartsua erakutsi zuen eta lau pelotarietatik onena izan zen aldearekin. DV Torneoa afizionatu mailako garrantzitsuenetakoa da eta ezin hobeto hasi du txapelketa.
Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak irabazi
Gipuzkoako txapelketan, Ohorezko Mailan, Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga bikote hernaniarrak, 17-22, garaitu zituzten Mendizabal III.a eta Balerdi soraluzearra. Lehenengo itzulian hirutik hiru garaipen eskuratu dituzte eta txapelaren borrokan sartzeko hautagai serioak dira hernaniarrak.
Bestetik, igandean, Sagar Uztaren barruan partidu ikusgarria jokatu zuten Eñaut Lizeaga-Santesteban eta Xabi Apaolaza-Markel Lizeaga bikoteek. Azkenean 22-21 lortu zuten garaipena gorriek.
Profesionaletan, Expositok garaipen bat eta porrot bat izan zuen San Mateotan, atzo eta ostegunean, eta Ekain Lizeagak galdu egin zuen ostiralean.