Baserria beste jarduera profesional batekin bateragarri egiteko ekimena aurkeztu da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala proiektua aurkeztu du, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko. ·Programa honen bidez, interesdunak lanaldia murriztu ahal izango du enpresan, bere ustiategian profesionalki jardun ahal izateko.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak «Baserritar Misto Profesionala» ekimena aurkeztu du gaur goizean, lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko. Horrela, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, %50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.

Eider Mendoza, diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak aurkeztu zuten programa. «Gaur egun, 50 urtetik gorako pertsonek kudeatzen dute ustiategien %78», azaldu zuen Mendozak. Horrela, sektorea zaintzeak eta bultzatzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. «Gure nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak Gipuzkoako lurralde-oreka berdea babesten du. Baserritarrak funtsezko eragileak dira gure ingurunea zaintzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan eta tokiko elikadura jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko. Beharrezkoa da sektore honen etorkizuna bermatzeko lan egitea, eta ekimen hau norabide horretan doa bideratuta».

 

Enpresak inplikatzeko beharra azpimarratu da

Diputatu nagusiak bere konfiantza osoa adierazi zuen esanez «baserritar misto profesionalaren figura zabaltzeko eta indartzeko gai bagara jauzi kualitatiboa emango dugu sektorearen iraunkortasuna bermatzeari dagokionez».

«Herritarren Batzarra” herritarren partaidetzarako foroaren barruan egindako gomendioei erantzuten dio Baserritar Misto Profesionalak. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu zuenez, «Gipuzkoako herritarrekin nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerari eta klima-aldaketari buruzko hausnarketa bateratua egiteko ekimenaren barruan, parte-hartzaileek Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen den proiektu hori babestu zuten 2023ko martxoan egindako bilkuran».

Harrezkero, Aldundiak aurrera egin du proiektu horri forma emateko, lehen sektoreko eta enpresa-esparruko eragileekin batera lan eginez. «Kolektibo horiekin izandako saioen ondorioz, proiektu pilotu esperimental aitzindari eta berritzaile bat aurkezten dugu, eta datozen bost urteetan egokitzen joatea aurreikusten dugu, lortzen ditugun emaitzen eta eragileek egindako ekarpenen arabera» adierazi zuen Arrutik. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, enpresak inplikatzeko beharra azpimarratu zuen, ekimen honen arrakasta bermatzeko. «Enpresek lurraldearen orekan eta garapenean laguntzeko aukera gisa ikusi behar dute figura hori, bere eguneroko jardueratik harago, lehen sektorearen lana sustatuz, horrela gure ingurumenaren iraunkortasuna eta gure elikagaien ekoizpena bermatzeko. Hori guztion erantzukizuna da, gure enpresa-sarea barne».

 

«Gure asmoa da urtero 30 bat onuradun egotea eta bost urtetan 150era iristea»

2025etik aurrera dirulaguntzen deialdi bat egingo da urtero langile interesdunarentzat eta bere lan profesionala egiten duen enpresarentzat. Arrutik adierazi zuenez, «gure asmoa da urtero 30 bat onuradun egotea eta bost urteren buruan 150 baserritar misto profesionaletara iristea». Horrela, urte hauetan zehar proiektura 9 milioi euro bideratzea espero da.

«Baserritarraren figura eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera asko aldatzen ari dira, eta lan-mundua ere eraldatzen ari da. Itxura guztien arabera, etorkizuneko enpleguaren ezaugarri nagusietako bat malgutasuna izango da, eta ekimen hau etorkizun horri aurrea hartzeko asmoarekin sortu da. Pertsona askok baserriaren munduan jardun nahi dute, baina puntu batera iritsita lehen sektorearen eta enpresa-jardueraren artean erabaki bat hartu behar dute, eta kasu gehienetan enpresaren alde egiten dute baldintzak hobeak baitira. Gure ustez, ekimen hau aukera interesgarria izan daiteke kolektibo horrentzat, baita esparru honetan hasi nahi duten baina une egokia ikusten ez duten pertsonentzat ere», adierazi zuen Arrutik. Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ondorioztatu zuenez «gure lehentasuna eta nahia sektorea profesionalizatzea dela, jarduera horretan %100ean aritu nahi dutenentzat baldintzak ahalbidetzea, bereziki Gipuzkoako gazteentzat, eta, ildo horretan, espero dugu proiektu honek helburu hori lortzen laguntzea, edo, behintzat, baserriaren lana beste jarduera batzuekin profesionalki uztartzea».

 

Baserritar Misto Profesionala programaren oinarriak

Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren %50 izan beharko du.

Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.

Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko. Horrela, 40.000 euro jasoko dituzte baserritarrek, bi ordainketatan banatuta: bata programaren hasieran eta bestea hirugarren urtean. Bestalde, enpresek 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute.

Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko, baserritarrak honako baldintza hauek bete beharko ditu: ustiategia Gipuzkoan izatea, ustiategiaren titularra izatea, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea eta bideragarritasun-plan bat izatea. Plan horrek ziurtatu behar du, diputazioaren programa amaitzean, seigarren urtean, ustiategiak gutxienez 13.000 euroko eta 0,5 NLUko marjina garbia sortuko duela.

Enpresari dagokionez, interesdunarekin akordioa sinatu ondoren egingo zaio ordainketa. Akordio horrek lanaldia %50era murriztea bermatu beharko du, pertsona lanaldi osora itzultzeko eskubidearekin, betiere ezinbesteko arrazoi bat justifikatzen bada. Baserritarrak programa amaitu ondoren lanaldi osora bueltatzeko eskubidea izango du edo modu iraunkorrean lanaldi-murriztuarekin jarraitzeko aukera emango zaio baserritar misto profesional izaten jarraituz.

Oinarriak Gipuzkoako Foru Aldundiko buletinean argitaratuko dira. Foru erakundeak harremanetarako kontaktua ahalbidetu du bmp@gipuzkoa.eus helbide elektronikoaren bitartez, interesa duten edo informazio gehiago nahi duten enpresa eta pertsona interesatuak artatzeko.

«Eta laguntza amaitzen denean zer? Baserritik bizitzea oso zaila da»

'Lagatxaga' baserriko Iñaki Irastorzak baserritar mistoa ekimenean sartzeko perfila betetzen du, baina ez du bere burua bertan ikusten.

Iñaki Irastorza 'Lagatxaga' baserriko Antonio Irastorzaren eta Mari Carmen Zipitriaren semea da. 49 urterekin, 30 urte daramatza lantegian lanean. Astigarragan, Santiomendin, Hernaniko mugatik gertu dago bi familia bizi diren eta bi etxebizitza dituen Latxa, eta baserria beste jarduera profesional batekin bateragarri egiteko ekimenean sartzeko perfila betetzen du Irastorzak, baina ez du argi ikusten etorkizuna. «Eta laguntza amaituta zer? Baserriko produktuen prezioak orain 40 urteko berdinak dira eta kostuak beldurgarri igo dira. Baserritik bizitzea gaur egun ia ezinezkoa da».

Lagatxaga baserria Latxa izenez ezagutzen dute ia denek. «Gurasoak adinean gora doaz eta ahalik eta hoberen mantentzea da gure helburua». Duen ustiapen jarduera nagusiena nekazaritza da, nahiz eta esnetarako eta haragitarako azienda izan. Aitak, Groseko merkatuan saltzen zituen baserriko produktuak eta gero bertan saldu beharrean, bertako postuetara eta dendetara eramaten zituen barazkiak».

Iñaki Irastorzak uste du laguntza hauek baserriko lanean hasi nahi duten gazteentzako egokiagoak direla. «Nire burua ez dut ikusten baserritar misto horren figuran. Baserriaren eta baserritarraren egoera kaxkarra baino kaxkarragoa da. Laguntza eta bultzada hauen arrazoia horixe da, egoera txarra. Aitak dioen bezala gaur egunean baserritik bizi nahiko bagenu ezinezkoa litzateke». 

Laguntzak izan arren, laguntza hauek arazoa ez dutela konpontzen uste du Irastorzak: «Gazteek jasotzen dituzte laguntzak, inbertsioetan sartzen dira, baina horiek bukatzean dauden prezioekin ez dago aurrera ateratzerik. Aurten mugitu dira baserritar gazteak egoeraren aurka».

Enpresek ere izango duten jarrera kontutan hartu behar omen da. «Laguntza jaso arren, agian ez dute eduki nahi langile bat lau ordutara». 

 

«Bere garaian behar ziren laguntzak, orain hil zorian gaude»

Iñaki Irastorzak argi du 80garren eta 90garren hamarkadetan Europar Batasunetik etorritako neurrien ondorioak ari direla jasaten baserritarrak. «Hauts haiek ekarri dituzte lohiak. Laguntza bere garaian behar zen, orain hil zorian gaudenean nahi dute konpondu, baina erremedio gutxi daude. Gaur egunean ustiapen familiar bat martxan jartzeko edo izateko behar den burokrazia prozesuak ere buruhauste haundiak ekartzen dizkizu. Denbora asko pasa behar duzu horretan». 

Astigarragako 'Lagatxaga' baserria, Santiomendi inguruan.

Laguntza lehenago etorri izan balitz, baserritar askok, baserrian jarraituko omen lukete lanean. «Nik 30 urte daramatzat enpresan lanean. Ikasketak egin eta berehala hasi nintzen baserritik kanpo lanean. Zortea izan dut, ordutik bertan izan bainaiz lanean. Orduan baserrian egoera hobea ikusi izan banu agian bertan geratuko nintzen lanean. Eta lan finkorik gabe, batetik bestera ibili direnak lanean, oraindik ere argiago hartuko zuten baserrian geratzearen erabakia». 

Gurasoak baserritik bizi ziren eta bertatik jende gehiago bizitzea zaila zen. «Ez da erreleborik egon. Orain dela 40 urteko prezioetan ari dira lehengaiak saltzen, eta kostuak ikaragarri igo dira. Guk prezioa zentimoka igotzen dugu eta guri kostuak euroka igotzen zaizkigu. Gaur egun baserritik bizitzea gero eta zailagoa da. 

Gazteentzako neurria egokiagoa da, baina prezioak dauden bezala eta ez direla igoko uste dut, etorkizuna ez da batere erraza beraientzat, nahiz eta horrelako neurriak hartu». Laguntzak beti dira ongietorriak, baina arazoa sustraietan dagoela argi dute baserritarrek. «Baserritar txikien aurkakoak izan diren politikariek hartu dituzten neurriak Europa mailan, enpresa haundien edo agroindustrien alde. Hala ere, borrokan eta bizirik diraute ustiapen familiarrak».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!