Bi partidu daude iragarrita gaur goizerako, Hernaniko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Nagusien hirugarren mailan Julen Deskarga-Unai Etxarri bikoteak Ataunen aurka jokatuko du, 11:30etan. Aurretik jubenilen partidu bat dago.

 

Gipuzkoako Binakako Txapelketako partidu gehienak atzorako zeuden iragarrita, baina asteburuan jokatuko dituzte partidu bakan batzuk Hernaniko pelotariek. Gaurko, Hernanin, bi partidu daude programatuta. Honela, 11:00etan jubeniletan, hirugarren mailan, Joseba Arretxe eta Oinatz Gaskon bikoteak, Murumendiko bikotearen aurka jokatuko du. Eta partidu hori amaituta, nagusien txanda izango da. Hirugarren mailan, Deskargak eta Etxarrik, Atauneko bikotea izango dute aurrez aurre. Bihar, Sagarraren festan, bi partidu jokatuko dituzte astigartarrek eta hernaniarrek Txomiñenean, 17:30etatik aurrera.

 

Eñaut Lizeaga-Gurutzealdek, 22-21 irabazi zuten

Bestetik, nagusietan lehenengo mailan, astean zehar jokatu zuten Eñaut Lizeagak eta Oier Gurutzealdek, eta garaipena lortu ere bai. Partidu estu eta ikusgarri batean 22-21 menderatu zuten Azkoitiko bikotea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!