Lagunarteko partiduetan sentsazio onak izan eta gero, Hernaniko mutil seniorren taldeak txapelketa ofizialera eraman nahi du joko on hori gaurtik aurrera. Denboraldiko aurreneko partidua jokatuko du Egiaren aurka, 18:00etan, kiroldegian.
Gipuzkoako bigarren mailan ari dira jokatzen hernaniarrak eta guztira 15 taldek osatzen dute kategoria hau, bi multzotan banatuak. Hernani B multzoan dago eta bertan aurkari izango dira: Munttarpe, Egia B, Ordizia, Leizaran, Elgoibar eta Saieko. Astebururo talde batek atseden hartuko du eta Hernanik hirugarren jardunaldian (urriak 13) eta hamargarren jardunaldian (abenduak 15) egingo du atseden. Pasa den urtean jubeniletan maila altuan aritu ziren jokalari asko igo dira seniorren taldera.
Usabalen, Euskal Kopan
Euskal kopan jubenil zein kadete mutilak esperientzi polita bezain gogorra ari dira bizitzen. Hirugarren eta azken jardunaldia Tolosaren aurkakoa izango da, Usabalen. Kadeteek gaur 10:00etan jokatuko dute eta ondoren jubenilen txanda izango da, 12:00etan. Orain arteko partidu guztiak erraz galdu dituzte, baina Tolosaren aurka lehia berdinduagoa espero da.
Gipuzkoako ligan, Mundarroko neska jubenilek Munttarperen aurka jokatuko dute etxean, gaur 17:30etan, eta Hernanikoek Aloña Mendiren bisita jasoko dute 16:00etan.