Bailarako talde guztiak martxan izango dira orain arte falta zirenak asteburu honetan jokoan sartuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 28a, 00:00

Hernanik Zubipen jokatuko du gaur Elgoibarren aurka, Beasaini orain bi aste irabazi eta gero.

23 partidu jokatuko dituzte bailarako taldeek. Euskal Ligako hernaniar neskek Zarautzen laugarren garaipena jarraian nahi dute gaur. Ohorezko Erregionalak Zubipen Elgoibar izango du gaur aurkari, eta Preferente mailako Mundarrok, Villabonan jokatuko du bihar.

Erregional lehenengo mailako taldeek, infantilak eta kadete guztiek hasiko dute denboraldia asteburu honetan, eta beraz Gipuzkoako talde guztiak martxan hasiko dira euren txapelketa ofizialetan. Bailaran guztira 23 partidu jokatuko dira, talde batzuk atsedena izango dute, eta infantil haundietan Mundarro eta Hernani taldeen arteko derbia izango da.

Talde asko eta asko irailean zehar hasi dira liga ezberdinak jokatzen eta asteburu horien artean narbarmentzekoa da Hernaniko neskek Zarautzera egingo duten bidaia. Gaur, 15:30etan, laugarren partidua izango dute Astin, eta orain arteko hiru partiduak irabazi eta gero, laugarren garaipena jarraian lortu nahi dute. Zarautz aurkari lehiakorra da eta are gehiago etxean. Bi partidu irabazi ditu eta bakarra galdu.

Zubipen, Ohorezko Erregional mailako taldeak indarrak neurtuko ditu Elgoibarren aurka. 16:00etan hasiko da norgehiagoka. Hernanik ongi hasi du denboraldia, lehenengo partidua irabazi eta bigarrena berdindu eta gero. Elgoibar goiko postuetan izaten den taldea da, baina ez du nahi bezala hasi urtea. Etxetik kanpo estreineko partidua berdindu eta gero, galdu egin zuen Mintxetan Mondraren aurka. Zuri gorrien eta hernaniarren arteko partiduak klasikoak dira Gipuzkoako futbolean eta behin eta berriz jokatu dute elkarren aurka.

Aurreneko garaipena nahi du Mundarrok

Gorengo mailan, Mundarrok etxetik kanpo lehenengo partiduari egingo dio aurre. Billabonaren kontra jokatuko du bihar, 16:00etatik aurrera. Moreek berdinketa lortu zuten Hondarribiren kontra aurreneko partiduan eta Billabonak galdu egin zuen.

Etxean jokatuko duen beste taldea Jubenil Nazional mailakoa izango da. Danok Bat B taldeak bisitatuko du gaur Zubipe, 18:00etatik aurrera. Bai batzuk, bai besteek denboraldiko aurreneko garaipena nahi dute. Hernaniarrek bi partidu berdindu dituzte, eta bat galdu. Bilbotarrek ordea bi galdu eta bakarra berdindu dute. 

Bestetik, Lehenengo mailako erregionalek denboraldiko aurreneko partidua jokatuko dute. Mundarroren bigarren taldeak Orion izango du gaur partidua, eta Hernanik bihar Puion, Axular izango du aurkari.

Lehenengo mailako mutil eta neska kadeteek, eta infantilek, maila guztietan, asteburu honetan ekingo diote denboraldiari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!