Abian da Arnasa Gara ekimenak antolatutako Arnasetik bideosormen lehiaketaren hirugarren edizioa. Ekimen hau, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehiaketa da, zehazki 10-16 urte bitarteko gazteentzat.
Arnasa Gara Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da, eta bere helburua euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea da. 2023ko edizioan 112 lan jaso zituen ekimenak, eta 1.600 bozkatik gora.
Hiru erronka
Hiru kategoria, beraz, hiru erronka izango ditu, adinaren arabera banatuak: LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4. Parte hartzeko azken eguna urriaren 31 izango da, eta 500 euroko balioa duten 4 sari banatuko dira. Banaka edo lagunartean hartu daiteke parte, eta egitekoa, euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da, bi minutuko ikus-entzuneko lan baten bidez. Kategoria bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.
Urriaren 31ra bitarte edukiko dute beraien sormen lanak bidaltzeko epea zabalik, ondoren, azaroaren 5etik 15era publikoaren txanda izango da, bitarte horretan bozka emateko aukera egongo baita webgunearen bitartez.