Salaberriak, Lizeagak eta Expositok galdu egin dute Logroñoko Adarragan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Iker Salaberriak ezin izan zuen garaipena lortu.

Ostiralera arte partidu gehiago jokatuko dituzte hiruek, San Mateotako feria ezagunaren barruan.

San Mateotako ferian jokatu zuten asteburuan Iker Salaberriak, Ekain Lizeagak eta Hodei Expositok, eta ez zuten garaipenik lortu. Iker Salaberriak, ostiralean Erostarberekin batera, 22-20 galdu zuen Agirreren eta Eskirozen kontra. Egun berean, Bakaikoa eta Ekain Lizeaga zazpian geratu ziren, Muruaren eta Eskuzaren kontra. Hodei Expositok larunbatean jokatu zuen, eta Gaskuerekin batera, 18-12 galdu zuen Senar-Morgaetxeberria bikotearen aurka. Atzo iluntzean, Ekain Lizeagak berriro jokatu zuen.

Gaur, Expositok irekiko du jaialdia. Oraingoan, Eskuza izango du atzelari, eta Senarren eta Elizegiren aurka jokatuko dute, arratsaldeko 19:15etatik aurrera. Ostegunean itzuliko da Exposito Adarragara. Alberdi II-Ugartemendia eta Exposito-Erostarbe bikoteen arteko partiduak irekiko du jaialdia, 19:15etan.

Azkenik, ostiralean daukate hitzordua Ekain Lizeagak eta Iker Salaberriak. Gainera, goizuetarrak partidu ederra jokatzeko aukera izango du. Jaialdiko hirugarrenean ariko da, Martijarekin edo Rezustarekin, Agirreren eta Arangurenen kontra. Aurretik, 21:15etan, jaialdia irekiko du Ekain Lizeagak, Senarrekin batera, Egiguren V.aren eta Eskuzaren aurka.

San Mateotako feriak irailaren 29ra arte iraungo du, baina hasiera batean bailarako pelotariek ez dute beste partidurik jokatuko bertan.

 

Bost garaipen eta bost porrot, Gipuzkoako Binakakoan

Afizionatu mailan Gipuzkoako Binakako Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen pasa den asteburuan. Mundarroko eta Hernaniko bikoteek bost garaipen eta bost porrot izan zituzten. Astigartarrek bitik bi partidu irabazi zituzten, eta bikote hernaniarrak hiru partidutan gailendu ziren eta beste bostetan galdu zuten.

Partidurik esanguratsuenean, nagusien ohorezko mailan, Xabi Apaolazak eta Markel Lizeagak 22-17 garaitu zuten Intxurreko bikotea. Oraingoz jokatutako biak irabazi dituzte.

Bigarren mailan, Unax Manterolak eta Josu Altunak tanto bakarreko aldearekin galdu zuten Oiarpeko bikotearen aurka, Oiartzunen. Oraingoz ez dute garaipenik lortu.

Jubeniletan lau partidu jokatu zituen Hernanik, eta lauak galdu zituen. Lehenengo mailan, Aimar Zabalak eta Oier Azpeitiak 16-22 galdu zuten Tolosaren kontra. 

Kadeteetan, lehenengo mailan, Ekhi Osesek eta Lier Zugastik 22-6 irabazi zuten Lapkeren kontra, eta Mundarroko Oier Galarragak eta Imanol Ormazabalek 6-22 lortu zuten garaipena, Lapke 4ren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!