Urtxin' Trail irabazi du Hodei Lujanbiok, gauez

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Hodei Lujanbio, podiumaren koxka gorenean, Hazparnen.

24 kilometroko gaueko lasterketan nagusitu zen goizuetarra, larunbatean Hazparnen, ia zazpi minutuko aldearekin.

 

Gauez ere badaki bizi-bizi korrika egiten Hodei Lujanbio goizuetarrak, eta erakustaldia eman zuen joan den larunbatean, Hazparneko Urtxin' Trail lasterketan. 24 kilometroko luzera eta 1.100 metroko desnibela zeukan probak, eta 1:59:02 denborarekin irabazi zuen Lujanbiok. Ia zazpi minutura helmugaratu zen Vincent Verdier bigarrena (2:05:45).

Egun argiz abiatu ziren probako partehartzaileak, arratsaldeko 19:00etan; baina ilunpetan egin zuten azkeneko zatia, Urtsuiako tontorretik bueltan. Bost minutuko aldea zeukan goizuetarrak tontorrean, eta haunditu egin zuen aldapa behera.

 

Arantxi De La Fuente 14garren, Izeta bikote mistoen proban

Bailaratik gertuago, Izeta bikote mistoen mendi lasterketa solidarioa (6,4 kilometro) jokatu zen igande goizean, Zarauzko Urdaneta auzoan. Bertan aritu zen Arantxi De La Fuente astigartarra, Asier Gomara asteasuarrarekin bikotea osatuta; eta 14garren sailkatu zen, 41:47 denborarekin. Julen Ollokiegi astigartarrak ere hartu zuen parte, Haizea Garaño donostiarrarekin: 40garren izan ziren, proba 48:31 denboran osatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!