Hernaniko nesken taldeenak, asteburuko garaipen bakarrak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Irunen irabazi zuten neska jubenilek.

Neska kadete eta jubenil hernaniarrek irabazi dute, baina porrota jaso dute Mundarroko neskek eta Hernaniko mutilek.

 

Ondo ekin diote denboraldiari, Hernaniko nesken eskubaloi taldeek. Bai jubenilek eta bai kadeteek, biek lortu zuten garaipena, Gipuzkoako Txapelketaren estreinako jardunaldian. Jubenilek Bidasoa Irunen kantxan irabazi zuten igandean, Artalekun, nagusitasun haundiz (10-24). Kadeteak, berriz, etxean nagusitu ziren Usurbilen kontra, are alde haundiagoarekin (30-12).

Bailarako gainerako taldeentzat, ordea, ez da horren pozgarria izan asteburua. Hernanikoek bezalaxe, Gipuzkoako Txapelketari ekin zioten Mundarroko neska jubenilek ere, baina porrota jaso zuten etxetik kanpo: 26-23 irabazi zuen Zarautzek.

 

Bigarren jardunaldian ere porrot gogorrak Hernanik, mutilen Euskal Kopan

Gazitik izan du asteburuak, Hernaniko mutilen taldeentzat ere. Euskadiko txapelketetan debuta egin duten urtean, denboraldi hasiera gogorra ari dira izaten jubenilak eta kadeteak, Euskal Kopan. Porrot gogorrak jaso zituzten estreinako jardunaldian, eta halakoak izan dituzte bigarrenean ere. Igande goizean jokatu zuten biek, Hernaniko kiroldegian. Jubenilek 24-47 galdu zuten Zarautzen kontra, eta kadeteek ezin izan zuten Bidasoa Irunen aurrean (21-44). Datorren asteburuan jokatuko dute ligaxkako azkeneko partidua.

Senior mailakoei dagokienez, Hernaniko mutilek asteburu honetan egingo dute debuta, Gipuzkoako bigarren mailan. Etxean ariko dira, Egiaren kontra; baina eguna eta ordua zehaztu gabe daude oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!