Imanol Ansak eta Javier Urrizak gaur jokatuko dute Buruz Burukoaren finalaurrekoa, Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:00

Ansa II.a eta Urriza, astearteko material aukeraketan.

Jaialdia 15:30etan hasiko da eta finalerdia 16:30ak inguru hasiko da urnietarraren eta irunindarraren artean. Irabazleak Barrenetxea IV.a hernaniarra izango du zain datorren irailaren 28ko finalean.

Ansa II .ak eta Urrizak erremonteko Buruz Buruko Txapelketako finalerdian neurtuko dituzte gaur indarrak. Jaialdia 15:30etan hasiko da, binaka jokatuko den partidu batekin, eta bigarren partidua izango da txapelketakoa.

Txapelketako azkenaurreko partidua izango da eta garailea finalera pasako da. Beraz, berebiziko garrantzitsua du norgehiagokak. Bien artean bederatzi txapela dituzte (Urriza, 2022, 2020, 2018, 2017, 2016, 2015, 2013, 2012; Ansa II 2023) eta azken hamarkadako izar haundia eta azken urteko txapelduna izango dira aurrez aurre.

Urrizak beste urte batzuetan material lehorragoa aukeratzen zuen, peloteoa bilatuz, baina aurten peloteoak laburtzea nahiago du, adinean gora dijoanaren seinale, eta sakearekin min gehiago egin nahi du. Horrexegatik bi pelota bizi aukeratu zituen astearteko material aukeraketan. Ansa peloteoan min egiten duen pelotaria da eta fisikoki indartsua. Bere beso indartsuarekin edo kolpearekin min egin nahi duen pelotaria da, eta beti aukeratzen du pelota bizi bat, oraingoan arrazoi gehiagorekin Urrizari gainetik pasatzeko, defentsa haundia baitu nafarrak. 

Ligaxkan Urrizak bederatzitan utzi zuen Ansa II.a, baina Urnietako aurrelariak ahaztuta dauka jipoi hura. Urrizak itxura ona eman du txapelketan zehar eta sakearekin erasokor aritu da. Gaurkoan ere maila gorena mantendu nahi du.

Ansa aurten ez da pasa den urteko mailan aritu eta gehiago kosta zaio partiduetan eroso aritzea. Barrenetxearen aurka azken unean egin zion ihes garaipenak eta Juanenearen aurka lortu zuen garaipen bakarra. 

Pasa den urtean Ansak 30-23 garaitu zuen Urriza, baina orain bi urte Urriza izan zen irabazlea, 30-22. Azken bi urtetako txapeldunak dira, eta lehia parekatua espero da, eta ez abuztukoa bezalakoa. Hala ere apustuak Urrizaren alde egongo dira. Pelota biziek partidu azkarra ziurtatzen dute eta pelota azkar ibiliko da Galarretako kantxan. Pelota indartsuak beti laguntzen dio ikuskizunari, baldin eta biziegia ez bada. Defendatzaile haundiak dira eta ez da aspertzeko astirik izango. Barrenetxea irabazlearen zain dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!