San Mateo feria atzo hasi ziren jokatzen profesionalak Adarraga frontoian eta hamar egunez jarraian iragarri dira esku pelota partiduak. Hernaniarrentzat frontoi berezia da Adarraga, pelotalekuak Logroñon bizi izandako Javier Adarraga Gorrotxategi pelotari hernaniarraren izena bait darama. Besteak beste Errioxako Pilota Federazioa sortu eta hainbat urtez presiditu zuen, eta 1924an euskal pilotako urrezko domina lortu zuen, pala motzeko modalitatean, Parisko Joko Olinpikoetan.
San Mateotako txapelketaz haratago, partidu asko jokatuko dira eta horietako askotan protagonista izango dira bailarako hiru pelotari profesionalak: Iker Salaberria, Ekain Lizeaga eta Hodei Exposito. Atzo bertan Iker Salaberriak eta Ekain Lizeagak lehenengo partidua jokatu zuen jaialdiko lehenengo eta hirugarren partiduetan.
Gaur jokatuko du Expositok, jaialdiko hirugarrenean
Hodei Expositok, San Mateotako ferian, gaur debutatuko du. Gaskuerekin batera, Senar eta Morgaetxeberria izango dituzte aurrez aurre, jaialdiko hirugarren partiduan 19:30ak aldera.
Bihar ez dituzte iragarri Adarragan, baina etzi Ekain Lizeaga itzuliko da Logroñora jaialdiko lehenengo partidua jokatzera. 19:15etatik aurrera, Alberdi II.arekin batera, De la Fuente eta Eskuza izango dituzte aurkari.
Asteartean, irailaren 24an, Expositok irekiko du jaialdia. Oraingoan, Aldabe izango du atzelari lagun eta, Senar eta Elizegiren aurka jokatuko dute, 19:15etatik aurrera. Asteazkenean ez dute kotxerik hartu beharko Logroñora bidaiatzeko, baina ostegunean itzuliko da Exposito. Alberdi II.a-Ugartemendi, Exposito-Erostarbe partiduak irekiko du jaialdia, 19:15etan.
Azkenik, datorren ostiralean, Ekain Lizeaga eta Iker Salaberria daude iragarrita. Gainera goizuetarrak partidu ederra jokatzeko aukera izango du. Jailadiko hirugarrenean, Agirre-Aranguren, Salaberria-Martija edo Rezustaren aurka daude iragarrita. Aurretik jaialdia irekiko dute, 21:15etan, Ekain Lizeagak Senarrekin batera, Egiguren V.a eta Eskuzaren aurka.
San Mateotako feriak irailaren 29ra arte iraungo du, baina hasiera batean bailarako pelotariek ez dute beste partidurik bertan jokatuko.
Hiru partidu gaur kiroldegiko frontoian
Gipuzkoako Binakako Txapelketan, Hernanin gaur arratsaldean hiru partidu jokatuko dira. Jubenil mailakoak izango dira eta 16:00etan hasiko da lehenengoa.