Asteburuan hasiko dute liga nesken taldeek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:04

Neska jubenilek Bidasoa izango dute aurkari.

Jubenil eta kadete mailetan, denboraldiari ekingo diote Hernaniko eta Mundarroko nesken hiru taldeek.

 

Asteburu honetan ekingo diote Gipuzkoako Txapelketari, Urumea bailarako hiru eskubaloi taldek. Zehazki, nesken taldeak izango dira denboraldiari hasiera emango diotenak: Mundarroko jubenilak, eta Hernaniko jubenil eta kadeteak.

Zarautzen kantxan egingo dute debuta astigartarrek, gaur eguerdiko 13:00etan, Aritzbatalde kiroldegian. Gogotsu ekingo diote ligari, joan den asteburuan Urumea Ibaia txapelketa irabazi berritan, etxean. Torneo horretan, finalista izan zen bailarako beste taldea, Hernaniko jubenilena. Haiek ere etxetik urrun ariko dira, ligako aurreneko partiduan. Irunen jokatuko dute bihar, 12:00etan Artalekun, Bidasoa Irunen kontra. Aurreneko fasean, multzo berean ariko dira Mundarro eta Hernani, A multzoan, beste bost talderekin batera. Hiru multzo dira guztira.

Hernaniko neska kadeteek, aldiz, etxean jokatuko dute estreinakoa. Usurbilen kontra ariko dira gaur, eguerdiko 12:00etan hasita, kiroldegian. Haien kasuan ere, hiru multzotan banatu dituzte taldeak, eta C multzoan ariko dira hernaniarrak, beste sei talderekin.

 

Euskadiko txapelketetan 
estreinaldia, Hernaniko mutil jubenil eta kadeteek

Hernaniko mutilen kasuan, Euskadiko txapelketetan debuta egin­go dute jubenilek eta kadete­ek aurten, maiatzean igoera lortu ondoren. Urrian hasiko dute liga, baina dagoeneko ekion diote maila berriko lehiari. Izan ere, Euskal Kopa ari dira jokatzen. Aurreko asteburuan jokatu zuten estreinako partidua bi taldeek, etxetik kanpo, oso partidu gogorrekin: jubenilek 50-24 galdu zuten Eibarren kontra, eta kadeteek 46-17 Zarautzen aurrean.

Etxean ariko dira asteburu honetan, aurrenekoz; bihar, kiroldegian: jubenilen taldea Zarautzen kontra ariko da 12:00etan; eta kadeteek Bidasoa Irunen bisita jasoko dute 10:00etan. Lau taldeko multzoetan ari dira kopan, baina multzo bakarra izango dute ligan, 10 talderekin.

Mutil seniorretan ere izango du taldea Hernanik, beste urte batez. Datorren asteburu­an ekingo diote Gipuzkoako bigarren mailako txapelketari, etxe­an, Egiaren kontra.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!