Hernanik Pauldarrak hartuko du Zubipen, une gozoari segida emateko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:20

Hirugarren garaipena jarraian lortu nahi du Hernanik.

Euskal Ligako lider dela jokatuko du talde berdeak gaur, 17:30etan hasita, hirugarren partidua.

 

Harrigarria izan zen Hernaniren aurreko denboraldia, nesken Euskal Ligara bueltan, seigarren sailkatuta. Baina denboraldi aldaketarekin ere, ez da olatu horretatik jaitsi talde berdea, eta hasiera gozo-gozoa eman dio aurtengo ligari ere: nagusitasunez irabazi ditu lehenengo bi partiduak, eta sailkapenaren buru dago sei punturekin.

Bolada onari segida eman nahi diote gaur, ligako hirugarrena ere irabazita. Zubipen ariko dira, arratsaldeko 17:30etan hasita, Pauldarrak taldearen kontra.

Orain arte bezalaxe jarraitu nahi dute hernaniarrek: erasoan jokaldiak bukatzen fin, eta defentsan oso sendo. Orain arte, 14 gol sartu dituzte, eta atea hutsean mantendu dute bi partiduetan.

 

Ohorezko Erregionaleko 
mutilak, Oiartzunen kontra

Ondo ekin dio denboraldiari Hernanik, mutilen Ohorezko Erregionalean ere. Beasainen kontra nagusitu zen etxean (2-1), estreinako jardunaldian; eta gaur izango du bigarrena, Oiartzunen kontra. Lezon jokatuko dute partidua, Plazetan, gaur arratsaldeko 18:00etan hasita. Aurreneko partidua irabazita dira oiartzuarrak ere.

Etxetik kanpo jokatuko du, era berean, Liga Nazionaleko mutil jubenilen taldeak. Donostian ariko da gaur, 17:30etan Berion, Antiguokoren kontra.

 

Mundarrok estreinakoa gaur, Zarkumendegin

Gainerako kategorietan, asteburu honetan hasiko dute denboraldia askok. Horietako bat da Mundarroko mutilen talde nagusia. Gaur hasiko dute Erregional Preferenteko liga moreek, etxean: Hondarribiaren bisita jasoko dute Zarkumendegin, arratsaldeko 16:00etan.

Aurreko denboraldian gorabeheratsu aritu ondoren, taldea sendotu eta sailkapeneko postu lasaietan finkatu nahiko dute moreek; eta ahal dela, goiko postuen lehian sartu.

Haiek bezala, asteburu honetan ekingo diote jubenil eta kadete mailako talde nagusiek ere, bai Hernaniren kasuan, eta baita Mundarrorenean ere. Gainera, Hernaniko nesken bigarren taldeak debuta egingo du gaur, 15:30etan Zubipen, Intxaurdiren kontra. Ohorezko Erregional Mailan ariko dira aurten ere, beste talde batek bere plazari uko egin ondoren.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!