Bost minutuko irakurketan, Vueltako balantzea.
10: Kern Pharma taldea: Ametsik gozoenean ere ez lukete pentsatuko tamainako Vuelta ikusgarria egingo zutenik. Hiru etapa garaipen, talde itxura bikaina, eskoletan erakusteko moduko estrategiekin; familia bat errepidean eta World Tour mailako talde askok baino lan hobeagoa. Castrilloren lehena ezustekoa izan zen, bigarrena ez hainbeste, eta Urko Berraderena Izkin, erremate perfektua. Arima Nafarroan du taldeak, eta langa oso goian jarri dute etorkizunari begira. Txirrindulari askok martxa egingo dute eta behe-behetik hasi beharko du Juanjo Oroz-ek lanean berriz, baina bizitza osorako gordeko du egin duten Vuelta itzela.
9: Primoz Roglic: Lau Vuelta irabazi ditu, eta hanka batekin irabazi duenaren sentsazioa utzi du; egun jakin batzuetan estutuz, eta ondoren aurkariak zorrotz zainduz. BORA taldearen lana ere ezinbestekoa izan du esloveniarrak, Patxi Vila kirol zuzendari beratarrarena besteak beste. Roberto Heras-en marka berdindu du, eta argi dago Vuelta bere neurrira egindako itzulia dela. Ziklista handia, XXI. mendeko onenetakoa, Tourrik irabazi ez badu ere.
8: Ben O'Connor: Bigarren, azkenean, eta muturreko latza ustez bera baino indartsuago ziren podium-eko hautagai guztiei. Erresilientzia ariketa ikusgarria osatu du australiarrak, eta Malagako etapan eman zuen erakustaldia ezin hobe errematatu. Roglic izan da talde indartsuenen akats hura ordaindu ez duen bakarra, eta Mas, Carapaz, Landa, Movistar, EF, T-Rex, Lidl-Trek, INEOS eta beste zenbait talde egun hartan O'Connor.en diferentzia jaisteko lanik egin ez zutelako damu izango dira gaur. Marroi guztia BORA-ri utzi nahi izan zioten, eta ondoren ikusi da marroia BORA ez beste talde guztiek jan dutela. 'Hik lan eta nik jan' esaeraren albo kalteak...
7: Wout Van Aert: Gorago behar zuen, baina balio beza 7 honek 10 bat bezala. Txirrindulari totala, Flandestarrak hanka zuztarretan daukan gatza ikusgarria da. Esprintean irabazi dio Kaden Groves-i, mendian gora ondo ibiltzen diren aurkariei, eta ihesaldiak harrapatu eta gidatzeko erakutsi duen indarra eta maisutasuna luze gogoratzeko modukoak izan dira. Lastima, hartu zuen muturrekoa. Asko zor dio VISMA taldeak Vueltan, bestelakoan haien Vuelta oso pobrea izan delako.
6: Kaden Groves: Honek ere gorago egotea merezi zuen. Hiru etapa eta erregulartasunaren maillot berdea soinean Madrilen. Van Aert sasoi puntu onean dagoenean ez da batere erraza hura menderatzea. Etorkizunari begira, mendateak pasatzeko gai dela erakutsi du australiarrak, eta bere palmaresa nabarmen handituko da, gauzak ondo.
5: UAE taldea: Oilar bateria handiarekin azaldu ziren Lisboara, baina arrazoi bategatik edo besteagatik hankamotz aritu dira sailkapen nagusian. Egunerokoan, baina, joko handia eman diote Vueltari, eta garaipen onak lortu Adam Yates eta Marc Soler-ekin. Vueltako etapa mitiko eta gogorrenetan: Granada eta Covadongako Lakuak. Jay Vine-ek ere presentzia handia eman die etapa askotan, mendiko maillota eskuratzeko, eta nota on samarra merezi dute.
4: Carapaz eta Mas: Vuelta irabazteko hautagaiak, txokolatezko dominarekin konformatu behar izan du ekuadortarrak, indarrez justu, eta asetu ez duen hirugarrena Mas-ek. Carapaz-ek erakustaldia eman zuen Granadako etapan, baina ondoren nahi eta ezin aritu da. Mas inoiz baino erasokorrago, baina beste behin norbait azaldu da bera baino indartsuago, eta gainera O'Connor sartu zaio tartean. Falta du zerbait, Mas-ek, itzuli handi bat irabazteko: fedea, kemena, zuhurtzia, beti errelebo eske egotea... zuen aukeran zer, baina Vuelta irabazteko trenak begi aurretik pasatzen ari zaizkio, eta aurtengoa akaso azken trena izango zen...
3: Mikel Landa: Murgiakoak ere aukera bikaina zeukan, itxuraz, Vuelta hasieran podiuma lortzeko, baina ez du aukerarik izan. Aurretik izan dituen hiruzpalau txirrindularien azpitik beti, Herrerako maldetan izan zuen txakalaldia garesti ordaindu zuen, Top 5etik kanpo geratzeko. Urtetan gogoratzekoa egun hartan T-Rex taldeko kirol zuzendariek egin zuten txapuza. Picon Blancoko etapan konpontzen saiatu ziren akatsa, Landaren etapa garaipena bilatuz. Saiatu zen, arabarra, baina oso justu iritsi da Vueltako azken astera, punch-ik gabe. 35 urte aurten. Azken tronpeta doinuak izan litezke...
2: Euskaltel-Euskadi: Oso Vuelta pobrea. Jon Aberasturiren zertzelada batzuk, Mikel Bizkarra eta Isasarenak beste egun pare batean, baina garaipenetik oso urrun, egunero. Presentziak, arrakastarik izango ez duten ihesaldietan sartzeak ez du ezer askorako balio, taldeko arduradunek balio duela saltzen badute ere. Itzuli handi batean aritzeko oso maila justua eman dute, eta hausnarketa serio bat egin behar da taldearen etorkizunaren inguruan. Esan beharrik ere ez, euren mailako aurkari zuzenak, Kern Pharmak egin duen itzuli puskak min ikaragarria egin diela. Pastel guztia eraman dute nafarrek; apurrak ere ez laranjek.
1: Carlos Rodriguez: Oso Vuelta tristea. Tourrean ere hainbestean aritu zen, 7. sailkatuta, eta Vueltan askoz gorago egotea espero zen. Azkenean 10. sailkatu da nagusian. Egina omen zeukan Movistar-ekin, eta INEOS-ek eskaintza hobea egin zion azken orduan, britainiarrekin mantenduz. INEOS-en damutzen hasiak izango dira, agian, harribitxia ez delako hain harribitxia. Rodriguez-ek, gainera, badu bere kontra egiten duen egoera: ez zaio lasterketan ikusten, eta lortzen dituen postu on gehienak irauten lortzen ditu, batere arriskatu gabe.
0: World Tour talde askoren maila: Non ibili da INEOS? Cofidis? Edo Intermarche Wanty? Lotto-Soudal ere gutxi... Euskaltel-Euskadi kritikatzen den bezala kritikatu behar dira oharkabean pasa diren talde asko, baliabide aberatsekoak batzuk. UCIrentzako enbidoa: zergatik korritu behar dituzte World Tour taldeek derrigor itzuli handiak, Kontinental Mailakoek ikuskizun handiagoa eskaini badezakete? Zergatik ez da eztabaida hori irekitzen txirrindularitzan?