Kitto Vuelta!!!

Andoni Urbistondo 2024ko ira. 6a, 19:00

Erakustaldia eman dute Roglic-ek eta BORAK, eta etapa irabazi eta maillot gorria berreskuratzeaz gain Vuelta erabakita utzi; bi minutura du orain O'Connor, eta australiarrak lana lodi egin beharko du bihar Mas eta Carapaz-ek podiuma ez lapurtzeko.

 

Akabo Vuelta. Kosta zaio Roglic-i O'Connor bere aldaretik jaistea, baina mendiko azken etaparen bezperan egin du. Eta maisuek, onenek, izarrek egiten duten moduan egin du. Taldekideei egurra emateko esan, aurkariak ito eta denek hanka zuztarrak sutan dituztenean txikitu, hautsi. BORAk estrategia perfektua egin du, baina tropeleko ziklista indartsuena daukalako taldean. Zenbat zalantza, galdera ikur, duda esloveniarraren aurka, neurria eman behar denean eman duen arte. Denak aho bete hortz utzi ditu, baita bizikltetako gurpilak biribilak ez direla pentsatzen dutenak ere. Alegia, ahoberokeriatan aritu direnak Roglic indartsuena ez dela esanez.

 

Talde osoa jarri du Patxi Vilak Roglicen mesedean. Ihesaldia kontrolpean edukitzeko Nico Denz eta Patrick Gamper. Moncalvillon gora Aleottirena lehen erreleboa, Roger Adriarena bigarrena, eta Daniel Felipe Martinez hirugarren lekukoa. Kolonbiarraren erritmoak oilar guztiak akabatu ditu, eta BORAko hirukotea bakarrik joan da aurrerantz. Ez Mas, ez Carapaz, ez O'Connor... inor ez da BORAkoen hordagoari erantzuteko gai izan. 20 segundoko zuloa irekitzen lagundu dio Vlasov-ek, azken erreleboak, eta Roglic-ek berak lau kilometroren faltan egin du azken erritmo aldaketa. Atzetik Carapaz-ek jo du aurrena, baina hautsi gabe, eta Enric Mas-ek ondoren. Movistar-ekoa bakarrik joan eta Roglic-engandik 18 segundora hurbildu da, baina betetzen hasi da, eta bukaeran minutua sartu dio lider berriak. Gaudu eta Skjelmose minutu erdira izan ditu Mas-ek helmugarako bi kilometroren faltan, baina harrapatu eta pasa egin dute Mallorcakoa azken metroetan. Carapaz berak ere nahiko ondo libratu du, Mas-i 13 segundo bakarrik oparituz, eta O'Connor hondoratu egin da azken bi kilometroetan. 1.49 sartu dio Roglic-ek, minutua Mas-ek eta 47 segundo Carapaz-ek.

 

O'Connor-ek ezinezkoa du Vuelta irabaztea, eta podiuma mantentzeko ere lanak izango ditu biharko etapa gogorrean. 26 segundora du orain Mas, eta minutu batera Carapaz. Bi horiek adina edo gehiago da Madrilgo erlojupekoan, baina bihar eraso festa etorriko zaio alde guztietatik. Ez Roglic-ena, erabakia dagoelako Vuelta, baina Mas-ek bigarrena nahiko du, eta Carapaz-ek, super egon gabe ere, muturreraino egingo du borroka, laugarren postuak hutsaren balioa daukalako berarentzat. Azken aurreko etapa oso gogorra da, Vueltako gogorrena: Villarcayo-Picon Blanco. 172 kilometro eta 5.000 metroko desnibel metatua baino gehiago. Zazpi mendate, bidean: hirugarren mailako bi, bigarren mailako beste bi, eta lehen mailako 3: Portillo de Lunada, Puerto de los Tornos eta Picon Blanco bera. Azken honen zenbakiak ikaragarriak dira: 8 kilometro eta %9.1eko batez besteko malda. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!