Kern Pharma taldeak bere hirugarren etapa lortu du Urko Berrade nafarrarekin, estrategia bikaina gauzatuta; Carapaz-ek eskorta astindu du Herreran, eta Landak agur esan dio podiumari.
Esne mamitan, olatuaren aparretan, lainoetan dantzan... Kern Pharma taldea hegan dabil Espainiako Vueltan, eta itzuliko talde onenaren titulua irabazi du dagoeneko, Urko Berrade nafarrak hirugarren etapa garaipena eman dio taldeari, eta garaipenez harago, nabarmentzekoa izan da taldeak, Juanjo Oroz, Mikel Ezkieta eta Mikel Nieveren gidaritzapean, gauzatu duen estrategia. Taldeko hiru ziklista indartsuenak sartu dituzte 42 laguneko ihesaldian: Berrade bera, Castrillo eta Pau Miquel. Herrera gaina elkarrengandik gertu pasa dute hirurek, eta Arabako Mendialdeko muinoetan kontrol lan aparta egin dute. Pau Miquel zen buruan geratu diren dozena lagunetan azkarrena, eta mehatxu horrek aginte-makila eman die ihesaldi ahaleginak kontrolatzeko. Kern Pharmakoek terrenoaren ezagutza bikaina erakutsi dute. Korres herria pasa ostean zegoen muinoan jo du Kruiswijk-ek, eta haren atzetik abiatu da Urko. Herbehereetakoa larri zihoala ikusi eta bakarrik egin du aurrera iruindarrak. Atzean bata besteari begira geratu dira, Kern-eko Miquel eta Castrillo polizia lanetan zirela, eta besoak garaile jaso ditu Urkok.
Oilarren artean ere izan da zer kontatua, Education First-ek eta Carapaz-ek eskorta xaxatu baitute. Juanma Garatek estrategia sinplea baina eraginkorra prestatu du: ihesaldian zubi lana egingo zuten kideak sartu, eta Herreran Chalequito Cepedarekin oilarren hauspoa bertotu, eta erasoa jo. Ondo eutsi diote ekuadrotarrari Mas-ek eta Roglic-ek, eta O'Connor-ek ere bai, hasiera batean. Liderrak, baina, 10-12 segundoko atzerapena zeukan gainean. Handiagoa Mikel Landak, nekeak jota: 45 segundo. Landaren ezina ikusita, EF-eko Rafferty eta Shaw gainean geratu dira onenen tropelaren zain, Carapaz-i lagundu eta arabarra atzeratzeko. Antzera egin dute iehsaldian sartu eta aurretik ziren Groupama, Movistar eta INEOSko morroiek, eta Murgiakoaren atzerapena bi minutura joan da azkar.
Ez sinisteko modukoa izan da T-REX taldeko kirol zuzendarien inkopetentzia, euren lanetik botatzeko modukoa. Landak hiru taldekide zituen ihesaldian: Cattaneo, Vansevenant eta Pedersen. Cattaneo indartsu zegoen, eta buruan mantendu dute, baina Pedersen eta Vansevenant ez dituzte gelditu, eta Landak jazarpen lana egin behar izan du bakar-bakarrik 10-12 kilometroetan. Pedersen harrapatu dutenerako bi minutu eta erdi galduak zituen Landak. Gaizki eta berandu. Nahiko ez, eta desastrea konpontzeko asmoz, buruan, etapa garaipena lortzeko aukera zeukan Cattaneo gerarazi dute, italiarraren amorrurako. Ezertarako ez, helmugarako 11 kilometro geratzen baitziren. Landak 3.20 galdu du, eta podiuma lortzeko borrokatik Top 10etik kanpo geratzear pasa da. Orain ezinezkoa du podiuma, eta etapa garaipen batek bakarrik estaliko du gaurko desastrea.
Bihar 19. etapa, Logroño-Moncalvillo gaina. 173 kilometro, Pradilla hirugarren mailakoa bide erdian, eta Moncalvillo helmugan. Oso mendate gogorra da, eta bigarrenez igoko da. 2020an Roglic-ek irabazi zuen, eta bere ezaugarriei ezin hobe moldatzen den malda da. Esloveniarrak Mas, Carapz eta beste aurkariei segundo batzuk irabazteko erabil dezake, baina atzetik dituen bi aurkari horiek bere pare aritu daitezke. 9 kilometroko mendatea da Moncalvillo, eta azken bostek %10etik gorako batez bestekoa dute. Gainsariak jokoan badaude egurra handiagoa izango da oilarren artean, baina litekeena da ihesaldiak arrakasta izatea.