Ziurra ez denean gozoagoa da!

Andoni Urbistondo 2024ko ira. 4a, 19:00

Groves-ek justu samar irabazi du Santanderren, lauko ihesaldi batek helmugatik bi kilometrora arte iraun baitu; oilarrek etapa lasai hartu dute, nekeak jota, eta euriak arrisku puntu handia eman dio etapa bukaerari.

 

Etapak polita izan behar zuen, baina oso zozo hasi da. Aspergarri, egiari zor, azken 25 kilometroetan sartu eta euria hasi arte. Orduan indarra hartu du ihesean zihoan laukoteak, minutu azpiko errentari eusteko herio batean. Santander hiriko zoru bustiek eta biribilguneek tropelaren abiadura mantsotu dute, tarteka, baina bi kilometroren faltan etsi behar izan dute; tartean Xabier Isasak, Euskaltel-Euskadiko urretxuarrak. Harrapatu dituztenerako tropelaren zaintza utzita zeuden Schmidt, Poole eta Campenaerts, eta helmugatik 200 metrora harrapatu ditu Kaden Groves faboritoak. Poz handia hartu du australiarrak, eta taldekideen lana eskertu du alai. Garaipena zail sumatzen denean, besoak garaile jasotzea beti izaten da gozoagoa.

 

Izan ere, lan bikaina egin du Alpecin-ek, baina baita Kern Pharmak ere, Pau Miquel esprinterrarekin garaipena bilatzeko. Hainbesteraino, Juanjo Orozen taldeak eman dituen erreleboengatik izan ez balitz, ihesaldia iritsi egingo zela helmugara. Lastima izan da etaparen bilakaera, Estranguada mendatea min handia egiteko moduko mendatea delako. Antolakuntzak, baina, helmugatik urrun kokatu du, 70 kilometrora, eta aurretik mendiko bi etapa gogor jokatu ostean. Oilarrek eguna lasai hartzea erabaki dute, eta horrek gatz guztia kendu dio, atarian, paper gainean, etapa ikusgarria izateko proportzio guztia zeukanean. 

 

Bihar Euskal Herrian jokatuko da etapa ia osorik, Errioxan egingo dituen kilometro bakar batzuk izan ezik. Gasteizen hasiko da, eta Izkiko Parke Naturalean bukatu, Maeztu herritik gertu. 180 kilometro eta bi mendate: Ribas de Tereso eta Herrera, bere alde zailetik, Guardiatik. Gainetik 45 kilometro geratzen dira helmugaraino, Arabako Mendialdetik, eta terreno gorabeheratsuarekin. Joseba Belokik diseinatu du etapa, eta ziur tranpatxoren bat izango duela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!