Bigarren asteak Roglic-en inurri lana, O'Connor-en erresistentzia eta Mas, Carapaz eta Landaren zalantzak utzi dizkigu; azken astea oso exigentea da, eta zernahi gerta liteke.
Azkazalak dantzan ditugu txirrindularitza zaleok, eta zer esanik ez Vueltako protagonistek. Bi aste pasa dira, itzuliko bi heren eta dena dago airean. Dena aldatu liteke azken astean eta inork ez dauka ezeren segurantziarik. Primoz Roglic-ek inurri lana egin du aste guztian, eta O'Connor liderraren errenta murriztu du nabarmen. Esloveniarrak, baina, garbi utzi du ez dagoela super, hausteko moduan, eta horrek liderraren itxaropena handitu du, bart, Cuitu Negrun oso etapa ona egin ondoren. Bi horiek bakarrik dirudite maillot gorria lortzeko borrokako protagonistak, baina komeni atzetik jazarpenean dituztenak ez ahaztea. Izan ere hirugarren astean ezustekoak egoten dira, nekearen ondorioz. Eguraldia ere aldatu da, eta euria eta giro bustia iragarri dute larunbata bitarte, ibilbidez oso exigentea izango den azken astean. Bihar Lagos de Covadonga mendate ezaguna igoko dute, etzi eta etzi damu ihesaldietarako etapa aproposak, ostegunekoa Araban. Ostiralean Moncalvillo, larunbatean Vueltako etapa gogorrena Burgosko Picon Blancon, eta igandean 24.6 kilometroko erlojupekoa Madrilen. Etapa exigenteak denak.
Zergatik da Roglic faborito? Egun pare batean liderrrari dozena segundo pare bat jan eta erlojupekoan bere onena emanda nahikoa duelako. Ezin jakin ze denbora sartuko dion Roglic-ek O'Connor-i Madrilen, baina 30-45 segundo bai, gutxienez. Australiarrak zail du gorria Madrileraino mantentzea, baina podiuma oso gertu dauka. 2.23 kentzen dio Mas-i, eta 2.44 Carapaz-i. Ez da haiek baino gutxiago erlojupekoan, eta hiru etapetan ia hiru minutu galtzea zaila da. Mas irregular aritu da. Ancares-en kale egin zuen, Roglic mendera zezakeela sinetsita, baina atzo bera izan Roglic atzeratu zuena Cuitu Negrun, ostera Roglic-ek berarekin bat egin bazuen ere. Carapaz-i eta Landari justuago sumatzen zaie. Erasora jotzeko gogoz, ziur, baina hanka zuztarrak kemenez nahiko hustuta dituztela, dagoeneko. Carapaz ziklista ausarta da, eta ez harritu 4. postua arriskatzearen truke Adam Yates-ek Granadan eta O'Connor-ek Malagan egin zutenaren antzekoa errepikatzea. Buruz buruko borrokan badaki Roglic eta Mas menderatzeko komeriak eduki ditzakeela Carchiko lokomotorak, eta galtzaile da bien aurka erlojupekoan.
Jokoan sartuko dira, era berean, sailkapen nagusian bospasei minutura daudenak. Sivakov saiatu zen atzo, urrunetik, eta antzera egin dezakete aste honetako mendiko etapetan Skjelmosek, gero eta sasoi puntu hobean, Gauduk edota Carlos Rodriguez-ek. Sepp Kuss-ek ere zer galdurik ez du, 12. postuan delako, eta bere unea izan liteke azken astea postu batzuk hobetzeko. Azken astetan ziklistak normalean lortutakoa babesteko joera izaten dute, are gehiago egungo txirrindularitzan, non UCI puntuek balio handia duten, baina aldaketa sakonak gerta litezke ohorezko postuetan.
Bihar hasita, atsedenik ez igandera bitarte. Bihar Covadongako Lakuak, mendate mitikoa, eta aurrez Fito eta Collada Llomena, 8 kilometroko hormatzar ikaragarria. Etzi Santander, bigarren mailako bi mendaterekin bide erdian. Ihesaldi usain latza dauka etziko etapak. Ostegunekoak bezala, Euskal Herrian, Gasteizen hasi eta Araban hara eta hona ibili ostean Izkin bukatzeko, Maeztutik gertu. Ostiralean Moncalvillon bukaera, Roglic-ek oso ondo ezagutzen duen mendatea, eta larunbatean, Madrilera joan aurretik, oso etapa gogorra. Gogorra eta kontrolatzen ezinezkoa. Bost mila metroko desnibel metatua dauka, eta zazpi mendate bidean, Kantabriar Mendikatean ipar eta hegora jauzi eginez. Bi mendate 3. mailakoak dira, beste bi bigarren mailakoak eta hiru lehen mailakoak: Portillo de Lunada, Los Tornos eta Picon Blanco. Picon Blanco ezagun egin da Burgosko Itzulian, eta errematea emateko mendate perfektua da: 8 kilometro luze eta %9.1eko batez bestekoa. Etapa horretan dena alda daiteke, maillot gorritik hasi eta Top 10a arte.
Sailkapen Nagusia
1. Ben O'Connor 60.21.45
2. Primoz Roglic 1.03ra
3. Enric Mas 2.23ra
4. Richard Carapaz 2.44ra
5. Mikel Landa 3.05era
6. Florian Lipowitz 4.33ra
7. David Gaudu 4.39ra
8. Carlos Rodriguez 4.40ra
9. Mattias Skjelmose 4.51ra
10. Pavel Sivakov 5.12ra