Pablo Castrillo Jacako semeak, Nafarroako Kern Pharma taldeko ziklistak irabazi du etapa Manzanedan, eta sekulako hauspoa eman Juanjo Oroz-en taldeari; tropelean, oilarrak lasai.
Tarteka txirrindularitza eskertua izaten da, pobre edo ahulenekin gogoratu, eta haien kemena, ausardia saritu, boteredunen fedea menderatzeraino. Kern Pharma taldeak sekulako lana egin du Vueltako lehen erdian protagonista izateko, eta maila bikaina eman. Pau Miquel-ekin hirugarren izan ziren Cordoban, eta UrkoBerrade nafarrak eta Pablo Castrillok distira berezia izan dute ihesaldietan, Ibon Ruiz arabarrak bezala. Gaurko eguna ilun, triste hasi da Kern Pharma taldearentzat, Manolo Azcona proiektuaren sortzaile, eta Nafarroako txirrindularitzako arimaren heriotzaren berri izan dutelako. Haren begiradak indar berezia eman dio Kern Pharma taldeari, Pablo Castrillo ziklistari, eta garaipen ikaragarria lortu dute Vueltan.
Inork gutxik Castrilloren alde txakur txikirik eman gabe. Castrillok lodi sufritu du ihesaldian sartzeko, eta tarteka iheskide zituenen gurpila jarraitzeko komeriak izan ditu. Bere kemena, eta konstantzia, hautsezina da, ordea, eta egoskor egin du lana, ihesaldian mantentzeko. Aurkari asko eta onak zituen alboan: Marc Soler, Tejada, Daniel Felipe Martinez, Carlos Verona, Mauro Schmidt, Max Poole, Oscar Rodriguez... Denei iskin egin eta garaipena lortzea utopia zirudien, baino bere kartak maisuki jokatu ditu Castrillok. Eraso antzu batzuen ostean, geldialdi bat baliatu du, helmugatik 10 kilometrora hanka egin eta bidea egiteko. Inor ez da bere bila atera, denek Castrillo harrapatu egingo zutela pentsatzen baitzuten. Ba ez dute harrapatu. Minutu erdiko zuloa ireki du, eta Schmidt suitzarra 10-12 segundora hurbildu bazaio ere, pedal kolpe behartu eta itoarekin gailurrera iristea lortu du arrakastatsu Jacakoak. Malko putzu batean murgildu dira helmugan Kern Pharma taldeko kide guztiak, jauzi kualitatibo ikaragarria baita eurentzat etapa garaipena.
Oilarrren artean nabarmentzeko moduko ezer ez. Manzaneda mendate etzana da, eta inork ez du mugimendurik egin. Biharko egunean pentsatzen, akaso, bihar mugituko direlako: Lugo-Ancares mendatea. 175 kilometro eta 3.400 metroko desnibel metatua. Bidean lau mendate: hirugarren mailako bat, bigarren mailako bi eta lehen mailako Ancares helmugan. Ancares oso mendate gogorra da, Hazallanas-en itxurakoa: 7.5 kilometro eta %9.3ko batez besteko malda, eta azken lauak %12tik gorako malkarrak. O'Connor-i ez zaizkio tamainako aldapak sobera gustatzen. Roglic-i bai, baina Enric Mas-ek zaplaztekoa eman zion Hazallanas-en. Carapaz berak ere jokoa emango du, Adam Yates-ek bezala urrunetik... Biharko etapa askoz politagoa izango da.