Talde lan ikastaroa

Andoni Urbistondo 2024ko abu. 23a, 19:00

Van Aert nagusitu da Cordobako esprintean, Sepp Kuss taldekidearen ezinbesteko laguntzari esker; Roglic-ek sei segundo irabazi ditu gainsarietan.

 

Mendate bakar batek, gainsari txiki batek ikuskizuna sortzen dute. Kordobako etapa oso aspergarria izan da lehen 120 kilometroetan, baina oso polita azken 50 kilometrotan. Alto del 14% igo dute etapa hondarrean, eta aldapak berak eta pankartan zeuden gainsariek tropelaren itxura, lasterketaren egitura eraldatu dute erabat. Mendatera sartu aurreko kilometroak eromena izan dira. Visma eta BORA taldeak euren liderren kokapen ona ziurtatu nahi izan dute, eta bide batez, abentura zaleen ekimen oro apuztu. Mendatea 35 kilometro orduko abiaduran igo du Affini Vismakoak. Nork ihes egin abiadura horretan? BORAk ere lana egin du gainsariak lortzeko, eta Roglic-ek hanka batekin irabazi ditu sei segundoak, Kuss eta Carapaz-en aurretik. Sei segundo bost minututan, gauza eskasa da, baina inurri lanean O'Connor liderrarengana hurbiltzeko epe luzeko plana martxan jarri du Alemaniako taldeak.

 

Mendatea pasata nahastu egin da tropel burua. Kontrol lana egiteko morroirik ez zegoen, eta Marc Soler-ek, bizkorretan bizkorrenak, aukera usaindu eta hanka egin du. Vismak esprinta nahi zuen Van Aert-ekin, baina Kuss bakarrik zeukan lanerako. Vuelta irabazteko hautagaia da Kuss. Durangokoa, baina, buruan jarri da Van Aert-en mesedean, eta azken 12 kilometro bikain eginda Soler harrapatu dute helmugatik 3 kilometrora. Sivakov izan da esprinta galerazten saiatu den azkena, baina ez du lortu. Azken ahaleginean Van Aert-ek aise bilatu du zuloa esprintari ekiteko eta erraz lortu du bere bigarren etapa garaipena.

Bihar zortzigarren etapa: Ubeda-Cazorla, 160 kilometro, eta puncheur edo ehiztarientzat etapa aproposa, bukaera Cazorla mendatean baitago. Mendate motza da, baina tentea: 4.8 kilometro eta %7.1eko batez besteko malda. Erne lehen kilometroari, %17ko malkarra baitu. Roglic gainsariak baino uzta handixeagoa lortzen saiatuko da bihar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!