Perth-eraino egin du jauzi!

Andoni Urbistondo 2024ko abu. 22a, 19:00

Ben O'Connor-ek erakustaldia eman du, Rondako mendietan, eta etapa irabazteaz gain lider jarri da oilarrei bost minutuko diferentzia irabazita.

 

Etapak arriskutsu susmoa zeukan, eta hala izan da. Arriskutsua Vueltako oilarrentzat, eta batez ere zuhurkeriaz jokatu dutenentzat, ardura hartzeko pastela beti beste taldeei uzten dietelako. Ben O'Connor australiarrak Vuelta txikitu du eta stablishment-a hautsi. Vuelta irabazteko hautagai bilakatu da Rondako mendietan egin duen etapa puskaren ondoren, eta bost minutuko errenta bikaina ateratzen die aurkari denei orain. Baita Primoz Roglic liderrari ere, baina BORAk, behintzat, ausart jokatu du Florian Lipowitz alemaniarra eguneko ihesaldian sartuta. Ondoren ez dio etekin handirik eman, O'Connor ikaragarri ibili delako, baina arriskatu dute aurkariak ezustean harrapatzeko asmoz.

Askoz okerrago, ulergaitzago jokatu dute UAE, Movistar, Visma, Bahrein eta podiuma lortu nahi duten beste taldeek, bost minutuko tartea hartzen utzi diotelako O'Connor eta Lipowitz-i; tiratzeko ardura guztia BORA taldeari utziz. BORA-k, noski, lasai hartu du gidaritza, Lipowitz zaldi ona delako sailkapen nagusiari begira. O'Connor-ek bere kirol ibilbideko hanka onenetakoak izan ditu, baina, 2021eko Tourrean Tignes-en irabazi zuen etapan bezala, eta ibilbide bihurriari zukua atera dio: muinoari muinoa, jaitsiera teknikoak, atseden tarte txikiena ere ez, bakarrik tropelean joateko baino hobea, bero handi samarra... O'Connor-ek urrutitik jo du, helmugatik 60 kilometrora ia. Lemreeizek bakarrik eutsi dio, baina azkar ikusi da Herbehereetakoa justu zihoala. Aise utzi du atzean Decathlon taldekoak azken mendatean, eta tropelari tartea jan dio etengabe, zazpi minutuko zulora hurbiltzeko. Latza izan da azken mendateko erreferentzia. Zortzi kilometroko malda, 6.30kin hasi da australiarra, eta 6.31ekin helmugaratu. Logikoa ere bada, lanean aritu diren ziklistak morroiak izan direlako, eta ez izarrak. Podiuma lortzeko hautagaien taldeetako kirol zuzendariek muturra okertuta zeukaten etapa bukaeran, O'Connor-ek eman dien muturrekoa sinetsi ezinda.

Eta orain zer? Ba kontuz. O'Connor txirrindulari gogorra baita. 2021ean laugarren izan zen Tourreko sailkapen nagusian. Ihesaldi batean lortutako bost minutuko errentari esker, bai, baina laugarren. Aurtengo Giroan ere podiumaren atarian geratu zen, Daniel Felipe Martinez-engandik bi minutura, eta G Thomas-engandik minutu eta erdira. Bost minutuko errenta dauka, eta kosta behar zaie beste oilarrei O'Connor oilategitik, eskortatik kanporatzea. Asko geratzen da, eta oso etapa gogorrak. O'Connor ez dago ohituta liderraren maillota eramateak suposa dezakeen presioarekin, eguneroko podiuma, prentsaurrekoa eta beste ekitaldietara. Aussie-ak berak aitortu du, etapa bukaeran, Vuelta irabazteko gai ote den galdetu diotenean, ez dela ziur: 'Maybe', esan du. Alegia, agian. 

Bihar zazpigarren etapa, Cordobako infernuan bukaera. Helmugatik 25 kilometrora bigarren mailako Alto del 14% mendatea dago, baina ihesaldi usaina dauka etapak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!