Ardi larruz jantzitako otsoa

Andoni Urbistondo 2024ko abu. 21a, 19:00

Pavel Bittner txekiarrak irabazi du Sevillako esprinta, Van Aert azken gerri kokpean menderatuta; etapa oso aspergarria izan da.

 

Zuek ere siesta latza bota duzue, aitortu! Etapa oso zozoa, aspergarria izan da, eta tropela ordu erdiko atzerapena pasata iritsi da Sevillako helmugara. Juaristi eta Ibon Ruizen ahalegin antzua helmugarako 30 kilometroren faltan bukatu da, eta esprinta izan da gaurkoan ikuskizuna eman duen une bakarra. 3.5 kilometroko zuzengunean tokia builatu du Alpecin taldeak azken kilometroan, baina Van Aert bezalako otso indartsu bat zelatan edukitzeak munduko esprinter onena ere urduritzen du. Belgikarra Groves despistean harrapatzen saiatu da berriro, australiarrak espero ez zuenean abiatzea esprinta, eta lortu du. Groves konturatzerako Van Aert 10 metroko aldearekin zihoan, eta agur. Groves jokoz kanpo, dena zeukan alde Vismakoak, bigarren garaipena lortzeko, baina Pavel Bittner-ek lapurtu dio garaipena azken gerri kolpean. Txekiarrak bi etapa irabazi zituen Burgosko Itzulian, eta gaurko garaipenarekin jauzi handia eman du. Aurrerantzean gertuagotik zainduko dute DSM taldeko esprinterraren gurpila.

 

Bihar seigarren etapa, etapa arriskutsua. Cadiz eta Malagako mendialdean barrena ibiliko da tropela, eta 3.580 metrokoa da desnibel positiboa.  Desnibel handia, eta ibilbide benetan nekosoa. Lehen mailako Boyar igoko dute aurrena, ihesaldia egiteko une aproposa, eta ondoren hirugarren mailako Puerto del Viento eta Puerto Martinez. Bukaerak jokoa emango die tropeleko oilarrei, eta horrek sokatira polita eragingo du ihesaldia eta tropelaren artean. Yunquerako helmuga bihurria da: 8 kilometroko igoera, %4-5eko kilometroak denak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!