Proba ezberdinetan aritu dira Urumea bailarako mendi korrikalariak, asteburu honetan: batzuk tontorrez tontor, eta beste batzuk eskaileretan gora.
Halaxe aritu ziren Hodei Lujanbio goizuetarra eta Xuban Iturrioz hernaniarra, larunbatean, Leitzarango inguruetan, Andoainen. Bertxin Xtrem proba jokatu zen bertan, Bertxingo zentral hidroelektrikotik gora dauden eskaileretan: 500 eskaileren zatia osatu zuten aurrena, eta 1.000 eskailerena ondoren. Bien denborak batuta osatu zuten sailkapena, eta zortzigarren izan zen Lujanbio, 7 minutu eta 25 segunduko denborarekin, Aner Arozena irabazleak baino 49 segundu gehiago. Zumarragako korrikalaria bost segunduko tartearekin nagusitu zen, Koldo Urizar urnietarraren aurretik, bigarren saioan sailkapenari buelta emanda. Hodei Lujanbio 10garren izan zen 500 eskaileretan (2:10), eta zortzigarren 1.000 eskaileretan (5:15).
Xuban Iturrioz, berriz, 14garren izan zen sailkapen nagusian, 7:52 denborarekin. Aurreneko proban 20garren izan zen (2:26), eta nabarmen hobeto aritu zen saio luzean, 12garren (5:26).
Gizonezkoetan bezala, bizi-bizia izan zen lehia emakumezkoetan ere: Maria Ordoñez iruindarra (8:20) nagusitu zen azkenean, Garazi Artola usurbildarraren (8:22) aurretik, soilik bi segunduko tartearekin. Bederatzi segundu gehiago behar izan zituen hirugarrenak, Leire Elola tolosarrak (8:29).
Nafarroan aritu dira beste bi hernaniar, Agoizko Mendi Lasterketan. 11 kilometroko proban hartu zuten parte Ines Arreitunandia eta Lur Ocon ama-semeek, eta aurreko postuetan sailkatu ziren biak. Emakumezkoetan bederatzigarren izan zen Arreitunandia (1:37:37), eta gizonezkoetan 12garren helmugaratu zen Ocon (1:12:28).
Eta Bizkaian ere izan da mendi korrikalari hernaniarrik: Atxondoko Sorginen Lasterketan aritu ziren Tomax Elorza eta Iñaki Loinaz. Elorzak 2:55:53 denboran osatu zuen 21 kilometroko proba gogorra (Anbotora igo behar zuten, besteak beste), eta 84garren sailkatu zen. Loinaz, berriz, 3:23:49 denboran iritsi zen helmugara, 162garren. 256 korrikalarik hartu zuten parte.