Donostiarra hirugarren, Ondarroa zortzigarren eta San Pedro KAE Ligara jaitsi da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 16a, 11:48

Iker Imaz arrauna prestatzen Bermeon uretaratu aurretik. Argazkia: Aitor Arrizabalaga/TKE Liga

Donostiarrak bi bandera irabazi ditu TKE Ligan eta Iker Imaz, Ander Balda eta Xabat Pastor titularrak izan dira estropada ia denetan.

Traineru denboraldia igandean amaitu zen eta bailarako arraunlariek atseden hartzeko garaia dute. 

Donostiarra ontzian aritu dira gehienak eta sailkapen nagusian hirugarren amaitu du hiriburuko txalupak, Bermeoren eta Zierbenaren atzetik. 227 puntu eskuratu ditu Bermeok, 193 Zierbenak eta 188 Donostiarrak. Azkenengo asteburuan Bermeon eta Portugaleten aritu ziren eta hirugarren eta laugarren amaitu zuten, hurrenez hurren. Bi egunetan Iker Imaz eta Xabat Pastor hernaniarrak eta Ander Balda astigartarra traineruko hamalaukoaren parte izan ziren. Jon Iruretagoiena patroi hernaniarrak Portugaleten, Nerbioiko uretan, gidatu zuen traineru donostiarra. 

Donostiarrak bi bandera irabazi ditu aurten, Zarauzko Ikurrina baliotsua eta Getariako ikurrina. Zazpigarren postua izan da aurtengo posturik makalena eta sei aldiz izan dira bigarren. Ander Balda, Xabat Pastor eta Iker Imaz titularrak izan dira estropada ia denetan. 

 

Iñigo Merkader, San Pedron eta Ivan Lopez, Ondarroan

Donostiarrako arraunlariak ez dira TKE Liga parte hartu duten bailarako bakarrak. San Pedron Iñigo Merkader hernaniarra eta Ondarroan Ivan Lopez hernaniarra aritu dira. Biak ere titularrak izan dira eta estropada ia denetan egin dute arraun. 

Ondarroak zortzigarren amaitu du Liga 111 punturekin.  Bermeon zazpigarren eta Portugaleten seigarren izan ziren. Kontxara ez ziren sartu, baina denboraldi dotorea burutu dute, euren helburuak betez. Bigarren txandan aritu dira, jaisteko inongo arriskurik gabe. Borroka estuak izan dituzte Lekeitio eta Getaria bezalako ontziekin. 

San Pedroren ibilbidea alderantzizkoa izan da. Maila galdu dute moreek, Ligan hamaikagarren amaitu eta play-offean laugarren izan eta gero. Azken aurreko sailkatuak play-offak jokatu behar izaten du Galiziar Ligako eta KAE Ligako lehenengo bi sailkatuen aurka. San Juan eta Ares izan dira mailaz igotzea lortu duten bi traineruak eta San Pedro jaitsi egin da TKE Ligatik, KAE Ligara. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!