Andoni Rekondo bertsolari hernaniarra izan zen onena Gipuzkoako Txapelketako final-zortzirenetako lehenengo saioan eta beraz, final-laurdenetara pasa da zuzenean. Larunbatean hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxuko Labeaga aretoan. Areto bete jendek eman zion ongi etorria aurtengo edizioari, eta ezin hobeto hasi dute txapelketa bailarako bertsolariek.
Lan puntuagarriak amaituta, Andoni Rekondo izan zen garaile, 496,5 punturekin. Beraz, zuzenean pasatu da azaroaren 3an jokatuko den Tolosako final-laurdenera. Honela geratu ziren saioko puntuazioak: Andoni Rekondo 496,5, Unai Mendizabal 489,5, Jon Gurrutxaga 451,5, Mikel Iturriotz 450,5, Ane Zuazubiskar 444,5 eta Antton Aizpurua 428,5.
Astero, bailarako bertsolariak final-zortzirenetan
Bigarren saioa atzo arratsaldean Lasarte-Orian izan zen, baina bertan ez zegoen bailarako edo Hernaniko bertso eskolako bertsolaririk. Igandean 17:00etan, irailaren 22an, Eli Pagolaren txanda izango da Elgoibarren. Pagolak hirugarrenez parte hartuko du, eta txapelketa hasteko «gogoz» dagoela adierazi du.
Elkarrekin arituko dira Eñaut Martikorena eta Andoni Mujika 'Anatx', Andoainen, irailaren 29an. Biek badaramazkite urte batzuk elkarrekin bertso eskolan, eta «poz haundia» hartu zuten elkarrekin kantatu behar zutela jakin zutenean.
Asier Azpirozek, berriz, azken saioan kantatu beharko du Azpeitiako Soreasu antzokian, urriaren 5ean. Bere kasuan laugarren txapelketa izango da, eta 2022ko Euskal Herriko Txapelketan ere aritu zen estreinakoz.
Final-laurdenetan 30 bertsolari arituko dira. Final-zortzirenetatik 24 sailkatuko dira eta sei gehiago sartuko dira txapelketan, aurreko edizioko finalistak, horien artean Agin Laburu. Finalaurrekoetara 18 bertsolari pasako dira eta zortzi abenduaren 14ko Donostiako finalera.