Datorren ostiralean, irailaren 20an, hasiko da Donostiako Zinemaldiaren 72garren edizioa. Dozenaka emanaldi izango dira, filmak, dokumentalak eta musika saioak tarteko; eta horietan izango du protagonismorik Urumea bailarak.
Batetik, bertan estreinatuko dituzte Zikuñagako Amari eta Chillida Lekuri buruzko dokumentalak. Pello Gutiérrezek zuzendu du 'Erreplika', Zikuñagako Amari buruzko lana. 74 minutuko dokumentala da, eta hainbat hernaniarrek hartu dute parte. Zinemira atalaren barruan, hiru saiotan eskainiko dute, Principe aretoan: irailaren 23an 16:30etan, hilaren 24an 22:00etan, eta hilaren 25ean 22:15etan. 1979ra egiten du atzera dokumentalak, Zikuñagako Ama Birjina desagertu zen unera. «Hernaniko biztanleek irudi ikoniko bat galdu zuten, eta hutsuneei buruzko film bat da hau», dio Gutiérrezek: «Nire aita, Juanmi Gutiérrez zinegilea, duela urte batzuk hil zen; eta orain, denbora tarte bat pasa denean, bere filmetara itzuli naiz, memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egin dut memoria. Edo, hobeto esanda, irudi ezaren bitartez. Irudi baten ausentzia, bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?».
Izan ere, are lehenagokoa da Pello Gutiérrezen senideen lotura, Zikuñagako Amaren misterioarekin. Haren aitona Felipe, Zikuñagako papeleraren sortzaile eta zuzendari izan zen. Zikuñagako Ama Birjinaren irudia desagertu zenean, askok leporatu zioten desagerpena papelerari, Zikuñagako ermita papeleraren lurretan zegoelako, eta fabrikak ermita bota nahi zuelako. Gerora, ermita eraitsi zuten, harriak papeleran ondo gordeta; eta 2022an berreraiki zuten, egun dagoen tokian. «Hernanin beti esan izan da ermita berreraikitzen zen egunean agertuko zela Ama Birjinaren irudia berriro».
Gaiaren inguruan ikertzen hasi, eta aitaren dokumental ezezagun batekin egin zuen topo Pello Gutiérrezek: 'Zikuñagako ama' deitzen zen film labur bat, 1978an filmatu zuena. «Film horrek ere hutsune bat dauka barruan. Hura filmatzen ari zela, Guardia Zibilak Super 8 bobinetako bat konfiskatu zion aitari, eta irudi horiek galdu egin dira. Bere dokumentalean agerian utzi zuen hutsune hori, narrazioa geldituz eta minutu bateko irudi beltza sartuz. Film ezezagun horren aurkikuntza da gure film honen beste abiapuntua», dio egileak.
'Ciento volando', Chillida Lekuri buruzko dokumentala
Zinemira atalean eskainiko dute 'Ciento volando' ere, Arantxa Aguirrek Chillida Lekuri buruz osatutako dokumentala, 100 minutukoa. Hiru saiotan izango da ikusgai hori ere: irailaren 22an, 19:15etan Principen; hilaren 23an, 18:45etan Trueban; eta hilaren 25ean, 16:00etan Principen.
Dokumental horretan, ikusentzunezko hizkuntzara eraman nahi izan dute «Chillida Leku bisitatu, sentitu eta bizitzeko esperientzia paregabea; Eduardo Chillidak Pilar Belzuncerekin pentsatu, bilatu, aurkitu eta modelatu zuen espazioa, pasabide gisa, non lan bakoitza finkatu, borobildu eta munduan bere lekua aurkitu ahal izango zuen. Denborarekin, museo aparta izatetik harago, Chillidaren espirituarekin eta obrarekin konektatzeko tokia izatera ere pasa da».
Jon Garañoren 'Marco' filma, irailaren 27an eta 28an ikusgai
Veneziako Zine Jaialdian estreinatu berri dute 'Marco' filma, Jon Garaño astigartarrak eta Aitor Arregi oñatiarrak, oso harrera onarekin. Eta Donostiako Zinemaldian ere ikusgai izango da, Perlak atalean, irailaren 27an eta 28an. Hilaren 27an, Principal antzokian eskainiko dute, gaueko 22:00etan. Irailaren 28an, berriz, bi saiotan jarriko dute filma: 18:45etan belodromoan, eta 22:45etan Principal antzokian.
Enric Marcoren bizitzari buruzko filma da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutakoa. CNT sindikatuaren idazkari nagusi izan zen, eta Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkartearen presidente. Jendearen aitortza eta sinpatia lortu zituen, ustez nazien kontzentrazio esparruetan egon eta ihes egitea lortu zuela eta. Gerora deskubritu zen iragan faltsu bat eraiki zuela.
Ainara Ortega bakarlari gisa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuan
Baina filmetatik bakarrik ez, musikatik ere izango du Zinemaldiak. Irailaren 21ean eskainiko du kontzertua Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, arratsaldeko 18:00etan belodromoan; eta emanaldi horretan, abeslari bakarlari gisa ariko da Ainara Ortega hernaniarra. Bera soilik ariko da bakarlari, gainera. Doakoa izango da emanaldirako sarrera.