Martxan da Gipuzkoako Binakako Txapelketa, eskuz zein palaz

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 13a, 00:00

Urumea bailarako 19 bikotek ekingo diote aste honetan: Mundarroko seik eta Hernaniko 13k. Gaur bertan, bina partidu izango dira bi herrietan.

Hasi da Gipuzkoako Binakako Txapelketa, ezker horman, kadete, jubenil eta nagusietan. Eta ohi bezala, ordezkari asko izango ditu Urumea bailarak. Eskuz zein palaz, aste honetan ekingo diote lehiari Hernaniko 13 bikotek, eta Mundarroko seik.

Palistei dagokienez, atzo ekin zioten Mundarroko bi bikotek, Txomiñenen: Iker Lasok eta Xabi Goizuetak, nagusien hirugarren mailan; eta Alain Agirrek eta Beñat Zubiarrainek, nagusien bigarren mailan. Maila horretan, gaur jokatuko dute Ganix Urdangarinek eta Axier Luluagak, 21:00etan Usurbilen.

Gaur izango da palista hernaniarren txanda ere. Nagusien lehenengo mailan, Hernaniko kiroldegian ariko dira klubeko bi bikote, 19:30etan, elkarren aurka: Garazi Eizmendi eta Nahia Eizmendi, eta Enara Macicior eta Nagore Murua (Alegik utzita). Lehenengo mailan ariko dira Leire Galdos eta Ane Kerejeta ere, 20:30etan Tolosan. Eta Deban jokatuko dute Garazi Urdangarinek eta Joana Tolaretxipik, 18:00etan, bigarren mailakoa.

Are pelotari gehiago ariko dira eskuz. Mundarroko bi bikotek Txomiñenen jokatuko dute gaur, 18:00etan: Imanol Ormazabalek eta Oier Galarragak, kadeteen lehenengo mailan; eta Eñaut Lizeagak eta Oier Gurutzealdek, nagusien lehenengo mailan. Enaitz Isasti eta Urko Anza, berriz, Oñatin ariko dira 19:00etan, kadeteen bigarren mailan.

Hernanik 10 talde osatu ditu eskuz aritzeko. Kadeteek gaur jokatuko dute: Ekhi Osesek eta Lier Zugastik Lizartzan, 19:00etan, le­henengo mailakoa; eta Amets Ma­katzagak, Aratz Labakak eta Oier Arsuagak Hernanin, ordu berean, bigarren mailakoa. Gaur ariko dira jubenil gehienak ere. Aimar Zabalak eta Oier Azpeitiak Andoainen jokatuko dute 17:30etan, lehenengo mailan; eta Aratz Aranburu eta Manex Alberdi Villabonan ariko dira, 18:00etan, bigarren mailan. Unax Pascualek eta Martin Alberdik atsedena dute aste honetan, eta bihar ekingo diote Joseba Arretxek eta Oinatz Gaskonek, 11:00etan Zumarragan, hirugarren mailan.

Nagusiek ere bihar jokatuko dute aurrenekoz, guztiek Hernanin, 10:30etan hasita: Xabier Apaolazak eta Markel Lizeagak ohorezko mailan; Unax Manterolak, Jon Jarak eta Josu Altunak bigarren mailan; eta Julen Deskargak eta Unai Etxarrik hirugarren mailan. Xuban Iturbe eta Oihan Legarreta gaur ziren jokatzekoak, Zestoan; baina kontrarioek txapelketa utzi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!