Arantza Eguzkitza eta Joxe Angel Goñi omendu dituzte Donostiako Sagardo Egunean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 9a, 00:00

Arantza Eguzkitza (eskuinean), omenaldian eskaini zioten lore sortarekin. Joxe Angel Goñik ez zuen ekitaldira bertaratzerik izan.

Sagardogintza lanak utzi edo 65 urte bete dituzten sagardogileei egin zieten omenaldia, larunbatean.

Donostian zeukan urteroko hitzordu seinalatua sagardogintzak, joan den larunbatean; eta ez zuen hutsik egin festa giroak. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak nabarmendu duenez, 4.000 lagun baino gehiago gerturatu ziren Konstituzio Plazara, sagardo aukera ezin zabalagoa dastatzera. Izan ere, 36 sagardotegik hartu zuten parte; horietatik 16, Urumea bailarakoak: Astigarragako Alorrenea, Astarbe, Etxeberria, Gartziategi, Gurutzeta, Larrarte, Lizeaga, Oiarbide, Petritegi eta Rezola; eta Hernaniko Akarregi, Alberro, Altzueta, Iparragirre, Rufino eta Zelaia.

Denera, 8.000 sagardo botila inguru hustu zituzten, trikitilariek eta bertsolariek girotutako festan, eta pintxoek lagunduta. 2023ko uztaz gozatu zuten bertaratuek, baina 2024koari ere egin zioten aurreneko keinua: sagar uzta berriarekin egindako lehenengo muztioa dastatu ahal izan zuten. Astigarragako Sagar Uzta Jaian egin ohi duten bezalaxe, Konstituzio Plazan bertan bildu zituzten sagarrak kizkiarekin eta saskiarekin, txikitu egin zituzten ondoren, eta tolarean prentsatu azkenik, muztioa lortzeko.

Baina eguneko unerik hunkigarriena oholtza gainean bizitu zuten. Izan ere, omenaldia egin zieten aurten 65 urte bete edota sagardogintza lanak utzi dituzten lau sagardogileri: Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkitzari, Gurutzetako Joxe Angel Goñiri, Irungo Ola sagardotegiko Iñaki Bengoetxeari, eta Altzagako Olagi sagardotegiko Maria Jose Arregiri. Oroigarri bana eskaini zien Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Eta horren ondoren, kopa bana hartuta, topa egin zuten sagardogileek eta administrazioetako ordezkariek; tartean, baita Astigarragako eta Hernaniko udal ordezkariek ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!