Etenaldia izan dute udan Hernaniko Arraun Elkarteko kideek, Maialen traineruan aritu direnek izan ezik. Eta laster ekingo diete entrenamenduei berriro, astelehen, asteazken eta ostiraletan, arratsaldeko 17:00etan.
Hori horrela, entrenamenduen hasieraren atarian, klubak deia luzatu die arraunean hasi nahi duten 11 urtetik gorako neska eta mutil guztiei, eta bilera antolatu du haiei zuzenduta. Gaur bertan izango da bilera, arratsaldeko 17:00etan Hernaniko Arraun Elkartearen egoitzan, Ibarluze poligonoan.
Bilerari, entrenamenduei edo beste edozeri buruzko informazio gehiago jaso nahi duena, posta elektronikoz jarri daiteke Hernaniko Arraun Elkartearekin harremanetan, hernani.arrauna @gmail.com helbidera idatzita.
Kontxako bigarren igandeko estropada gaur, Donostian
Gaztetxo bat baino gehiago animatuko da arrauna probatzera, akaso, gaurkoan traineru estropadez gozatu ondoren. Izan ere, Kontxako Banderaren bigarren igandeko estropada jokatuko da gaur, Donostian. Emakumezkoen bi txandak izango dira aurrena, goizeko 11:00etan hasita, hiru arraunlari hernaniar tartean direla. Aurreneko txandan ariko da Nora Urbe, Hibaikarekin, eta parez pare izango dituzte Astillero, Chapela eta Kaiku. Ohorezko txandan, berriz, Eider Barba eta Jone Pastor izango dira, Oriorekin eta Tolosaldearekin, hurrenez hurren. Bigarren posturako lehian ariko dira biak, Donostiarrarekin batera. Oso zaila daukate Arraun Lagunaki bandera kendu ahal izatea. 9 segundura dago Orio, eta 12 segundura Tolosaldea.
Eguerdiko 12:00etan hasiko da gizonezkoen estropada, eta ohorezko txandan ariko dira bailarako arraunlariak, Donostiarrarekin: Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak; eta Iker Imaz, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena hernaniarrak. Bigarren postura igo nahian ariko dira haiek ere, Zierbenarekin lehian (segundu bat pasatxo aurretik daude bizkaitarrak). Urdaibaik oso bideratuta dauka garaipena, 14 segunduren aldearekin.