Hurrengo larunbatean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurkezpen ekitaldiko irudia.

Irailaren 14an jokatuko dute lehenengo saioa, Urretxun. Bailarako bost bertsolarik abestuko dute aurten. 

 

Astebete besterik ez da geratzen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasteko. Hilaren 14an jokatuko dute lehenengo saioa, Urretxun, eta abenduaren 14an izango da final haundia, Illunben. Bailarako ordezkaritza zabala izango da aurtengo edizioan ere; bost bertsolari eta lau epaile arituko dira. 

Final zortzirenetatik abiatuko dira gehienak. Txapelketako lehenengo saioan kantatzea egokitu zaio Andoni Rekondo hernaniarrari; hilaren 22an Elgoibarko saioan abestuko du Eli Pagolak; eta Andoainen batera arituko dira Andoni Mujika 'Anatx' osiñagarra eta Eñaut Martikorena hernaniarra. Agin Laburu astigartarra, berriz, final laurdenetatik abiatuko da, duela 5 urteko txapelketako finalista izateagatik. Horiez gain, Hernaniko Bertso Eskolan ibilitako beste zenbait bertsolarik ere abestuko dute txapelketan. 

Sailkapen prozedurari dagokionez, final zortzirenetan 42 bertsolarik abestuko dute, sei bertsolariz osatutako 7 saiotan. Saio bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira hurrengo fasera, eta gainontzeko 17 postuak puntuazioaren arabera beteko dira. Hau da, 42 horietatik 24 bertsolarik egingo dute aurrera. 

Final laurdenetan aurreko txapelketako sei finalista sartuko dira jokoan. Bost saiotan banatuko dituzte bertsolari guztiak, eta 30etik 18k lortuko dute finalerdietan aritzeko txartela. Azkenik, finalerdietako irabazleak eta puntuazio onena duten hurrengo bost bertsolariak sailkatuko dira final haundira. 

Berritasunen artean, aurtengo txapelketan 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria berreskuratu dute.

Kronikak bailarako bertsolarien jarraipena egingo du, eta hilaren 14ko alean Ekain Tolaretxipi hernaniarrarena izango da irakurgai. 

 

URRETXU

IRAILAK 14, 17:00

Andoni Rekondo Izagirre

Ane Zuazubiskar Iñarra

Antton Aizpurua Aldape

Jon Gurrutxaga Urbieta

Mikel Iturriotz Etxaniz

Unai Mendizabal Jauregi

 

ANDOAIN

IRAILAK 29, 17:00

Andoni Mujika Izagirre 'Anatx'

Eñaut Martikorena Lizaso

Aitor Salegi Martija

Endika Igartzabal Murua

June Aiestaran Iparragirre

Manex Mujika Amunarriz

 

ELGOIBAR

IRAILAK 22, 17:00

Eli Pagola Apezetxea

Eneko Araiztegi Agirre

Iñaki Apalategi Astigarraga

Libe Goenaga Arrieta

Unai Izagirre Etxeberria

Uxue Fernandez Lasa

 

EIBAR

URRIAK 19, 17:00

Agin Laburu Rezola

Alaia Martin Etxebeste

Puntuazioz 3.

Puntuazioz 4.

Puntuazioz 9.

Puntuazioz 14.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!