Mendialdeko Azoka Ibiltaria eta Talo Eguna, igande honetan Leitzan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 00:00

Herriko plazan jarriko dute azoka, 11:00etatik 14:30etara; eta talogileak, herri kirolak eta musika ere izanen dira, Talo Eguna ospatzeko.

Joan den asteburuan Lekunberrin izan ondoren, Leitzan eginen du hurrengo geldialdia Mendialdeko Azoka Ibiltariak, asteburu honetan. Igandean jarriko dute, 11:00etatik 14:30etara herriko plazan, 30 elikagai eta artisautza postu baino gehiagorekin. Horien artean daude Goizuetako hiru: eztigileak, Domiña baserria eta Txirikorda.

Eta aurtengo aurreko hitzorduetan bezalaxe, beste ospakizun batekin eginen du bat Azoka Ibiltariarekin. Hori horrela, Talo Eguna ospatuko dute igandean bertan, egun osoko programazioarekin. Azokako postuekin batera, plazan izanen dira talogileenak ere: Saralegi Taloak eta Saldiasko Talogileak. Talo tailer bate ere jarriko dute bertan.

Herri kirolek ere izanen dute protagonismoa. Aurrena, aizkora erakustaldia eskainiko du Nerea Arruti urnietarrak, 12:30etatik aurrera: bi metrotik gorako perimetroa duten enborrak moztuko ditu Arrutik, ia kanakoen tamainakoak. Eta arratsaldean, segalariak ariko dira lanean, Plazaolako geltoki zaharraren inguruetan. Bertan, Gazteluko Segalari Eskolako kideak izanen dira protagonista.

Musikarekin borobilduko du­te eguna, eta herriko plazan jarriko dute zita berriro, iluntzeko 20:00etan. Anari Alberdik eskainiko du kontzertua, eta bere azkeneko lana aurkeztuko du Hernanin bizi den azkoitiarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!