Kontxako Bandera irabazteko ia aukerarik gabe, bailarako arraunlariak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 00:00

Jone Pastor (ezkerretik bigarrena, atzean), igandean Tolosaldearekin. Argazkia: EITB

Arraun Lagunakek eta Urdaibaik banderak ia erabakita utzi dituzte lehendabiziko jardunaldian.

Kontxako Banderaren lehenengo jardunaldiak berebiziko garrantzia izan ohi du, eta aurten ere horrela gertatu da. Nesketan, Donostiako Arraun Lagunak traineruak bandera ia erabakita utzi zuen herenegun, eta mutiletan, Bermeoko Urdaibai traineruak ere alde haundia lortu zuen bigarren sailkatuarekiko. Hori horrela, esan daiteke Urumea bailarako arraunlariak bandera irabazteko ia aukerarik gabe geratu direla, bi ontzi horietan ez baitago hernaniarrik, ez eta astigartarrik.

Nesketan, Oriorekin aritu zen Eider Barba, Hibaikarekin Nora Urbe, eta Tolosaldearekin Jone Pastor. Arraun Lagunakek 10:28.26eko denbora behar izan zuen 1,5 itsas miliako ibilbidea osatzeko, eta bederatzi segunduko alde garrantzitsua atera zion Eider Barbaren Oriori. Hirugarren Jone Pastorren Tolosaldea sailkatu zen 12 segundura, eta Nora Urberen Hibaika zazpigarren izan zen 33 segundura.

Mutiletan Donostiarra hirugarren sailkatu zen

Mutilen artean, Donostiarra taldeko partaide dira hiru astigartar eta hiru hernaniar: Ander Balda, Unai Loyarte, Markel Zapiain, Iker Imaz, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena. Haietatik hiruk hartu zuten parte igandeko estropadan, Baldak, Imazek eta Pastorrek. Urdaibai garailearengandik 15 segundura sailkatu ziren lehenengo jardunaldian, hirugarren postuan, eta Zierbenarengandik segundu bakarrera. Atzetik geratu zen Orio, donostiarrengandik 10 segundura.

Bigarren jardunaldia datorren igandean izango da, irailaren 8an. Donostiarrak mutiletan, eta Oriok eta Tolosaldeak nesketan, ohorezko txandan fin ibili eta bigarren postua lortzea izango dute helburu, Urdaibairen eta Arraun Lagunaken nagusitasuna kontutan izanda. Hibaika, berriz, posturen bat aurreratzen saiatuko da, lehenengo txandan lehiatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!