Beñat Apezetxeak urrezko domina, 22 urtez azpikoen Mundialean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 00:00

Beñat Apezetxea (ezkerretik hirugarrena), taldekideekin batera, podiumean.

Amiano eta Loza taldekideek Mexikori finala 2-0 irabazita, txapela jantzi du goizuetarrak.

Txapela jantzita bueltatu zen Beñat Apezetxea, Iruñetik Goizuetara, larunbat arratsaldean. 22 urtez azpikoen Munduko Txapelketa irabazi du, Unax Apeztegia, Unai Amiano eta Carmelo Loza selekziokideekin batera, eskuz binakako modalitatean.

Ez zuen finala jokatu Apezetxeak, Amiano eta Loza aukeratu baitzituen hautatzaileak, finala jokatzeko. Bi setetan nagusitu ziren Mexikoren kontra, 10-2 eta 10-3. Horrela, txapelketako gainerako partiduetan bezala, nagusitasun haundia erakutsi zuten finalean ere. Lau partidu jokatu dituzte guztira, eta partehartze berbera izan dute lau pilotariek: Apezetxea eta Apeztegia aritu ziren ligaxkako aurrenekoan eta semifinalean (Kubaren eta Frantziaren kontra); eta Amiano eta Loza ligaxkako bigarrenean eta finalean (Boliviaren eta Mexikoren kontra). Bakar batean ere ez dute zailtasunik izan, irabazteko.

Antton Apezetxeak ezin, Antiguako finalean

Larunbatean bertan, eguerdi partean, final bat jokatu zuen Antton Apezetxea goizuetarrak ere: Antiguako Txapelketakoa, elite mailan. Irabazita, hirugarren txapela izanen zuen segidan goizuetarrak, baina porrota jaso zuen, Julen Alberdi tolosarrarekin batera. Jorge Fernandez eta Adrian Azpiroz nagusitu zitzaizkien, 22-15. 

Ia uneoro izan ziren kontrarioak aurretik, 6-2 aurreratu zirela baliatuta. Seina berdintzea lortu zuten, Apezetxea sendoago eta Alberdi errematean fin, baina 11-6 alde egin zieten berriro. Orduan jokatu zuten ondoen goizuetarrak eta tolosarrak, eta 12-13 aurreratzea ere lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, tantoak bukatu ezinik aritu ziren. 17-14 zirela, Azpirozek dejada polit bat egin, eta pilotak bera jo zuen paretetik bueltan. Horixe izan zen urdinen azkeneko tantoa (17-15). Hurrengo bostak, gorri.

Eñaut Lizeagak txapela, Dinastia Etxabe torneoan

Zumaian, berriz, ostegun gau­e­an jokatu zituzten Dinastia Etxa­be torneoaren finalak, eta 23 urtez azpikoetan txapela jantzi zuen Eñaut Lizeaga astigartarrak, Adrian Azpirozekin berarekin batera. 22-18 menderatu zituzten Iker Egiguren eta Julen Sotil. Tanto ederrak borobildu zituen astigartarrak, eta nagusi izan ziren hasieratik, Azpiroz atzean jaun eta jabe zela.

Edonola ere, bukaerara arte sufritu behar izan zuten, kontrarioak markagailuan gertu baitzituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!