Bailarako bederatzi arraunlari gaur, Kontxako estropadan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 1a, 00:00

Goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada, eta 12:00etan gizonezkoena. Donostiarra, Hibaika, Orio eta Tolosaldeako traineruetan lehiatuko dira bailarako arraunlariak. Maialenek ostegunean agurtu zuen aurtengo arraun denboraldia, 'gero arte!' batekin, Kontxako sailkatze estropadan.

 

Gaur izango du aurreneko igandeko estropada, Kontxako Banderak, eta bailarako bederatzi arraunlarik hartuko dute parte. Goizeko 11:00etan hasiko da emakumezkoen estropada, eta 10:00etan gizonezkoena. Hernaniko Maialen traineruak ostegunean agurtu zuen aurtengo arraun denboraldia, eta Kontxarako plaza lortu ez zuen arren, maila politean osatu zuen sailkatze estropada. 

Guztira bailarako bederatzi arraunlari izango dira gaur Donostian. Gizonezkoetan, Donostiarra traineruan ariko dira bailarako sei: Ander Balda, Unai Loyarte eta Markel Zapiain astigartarrak; eta Iker Imaz, Xabat Pastor eta Jon Iruretagoiena hernaniarrak. Emakumezkoetan, hernaniarrak hirurak: Oriorekin ariko da Eider Barba, Hibaikarekin Nora Urbe, eta Tolosaldearekin June Pastor. Kontxarako zazpi txartel izan ziren jokoan osteguneko sailkatze estropadan, eta Hondarribia bederatzigarren sailkatu zenez, Kontxan aritzeko aukera gabe gelditu ziren Miren Garmendia eta Maider Perez Hernaniarrak.

Zozketa eginda dago, eta honakoa izango da gaurko txanden segida. Emakumezkoen lehen txandan arituko dira Orio, Chapela, Kaiku eta Astillero; eta bigarrengoan, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Hibaika eta Donostiarra. Gizonezkoetan, aurreneko txandan arituko dira Hondarribia, Cabo, Kaiku eta Zierbena; eta jarraian, Orio, Getaria, Bermeo eta Donostiarra.

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!